Autogobernuaren garapena hobeto ezagutzeko asmoz, 2022ko martxoan, Nafarroako Parlamentuak jardunaldi batzuk antolatu zituen LORAFNAren 40. urteurrena dela eta: historia, balantzea eta erreforma baterako proposamenak.

Hiria Foroaren saioan, hizlariek berariaz aztertu dute LORAFNAn euskararen estatusaren sorrera eta garapena. Mahai-inguruan jorratu den bezala, Nafarroak bere hizkuntza propioaren estatusa arautu zuen, gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta desberdin jokatu zuen eta euskararentzako estatus bat ezarri zuen, herritarrei hizkuntza-eskubide desberdinak ematen dizkiena, bizi diren lekuaren arabera.

LORAFNAren 9. artikuluak euskararen ofizialtasuna aitortzen du eremu euskaldunetan, eta foru lege batek ezarriko dituela eremu horiek. Ondoren, Euskararen Foru Legeak (EFL), hiru hizkuntza-eremu ezarri zituen. Zenbait adibidek EFLk sortzen dituen egoerak erakusten dituzte:

  • EFLk ez du arautzen zer hizkuntzatan eman daitezkeen zerbitzuak Nafarroako herritar guztiei arreta ematen dieten administrazio-unitateetan. Hura garatzen duten foru-dekretuek figura hori jasotzen dute, baina ez dute hura aplikatzeko irizpiderik adierazten.
  • “Honako hau egin dezakete” legezko formak ez du zehaztasunik ematen, eta horrek hainbat interpretazio eragin ditu.
  • Ez du arautzen eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa baloratzea funtzio publikoan sartzeko. Baina Nafarroako Kontseiluak 7/2020 Irizpenean adierazi zuen arauak ez duela eragozten eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza meritu gisa baloratzeari buruzko erregelamendu-garapen bat egitea.

Euskararen Nafar Kontseiluak 2022ko irailaren 16an, adierazpen bat onartu zuen, Euskararen Foru Legea lehenbailehen aldatzeko eskatuz, euskara Nafarroako Foru Komunitate osoan ofiziala izateko, -testuan zionez- herritar euskaldunen legezko bazterketari amaiera eman dakion. Aldi berean, herritarren zati batek uste du Nafarroa osoan euskarari ofizialtasun estatusa ematea inposaketa bat dela, euskaraz ez dakiena diskriminatzen duelako. Gai batzuk berrikustea merezi dute, hizkuntza balio integratzaile ukaezina duen elementua delako; izan ere, politika publikoek segurtasun juridikoa eta euskarak azken lau hamarkadetan izan duen garapenari egokitutako arau-esparrua behar baitute.