Hasi bezala bukatu dira Eguberriak, hau da, den-dena jendez gainezka. Edo, hobeki erran, hori urte osoko kontua izan da, bai hemen, bai toki guztietan. Pandemiaz geroztik, jenderik etxezorroena ere bihurtu baita atera zale, karrika zale, besta eginzale, kontzertu zale, jatetxe zale, bidaiazale… Hori bai, duela hamabortz egun ez bezala, azkenean elurra dago harresietatik begi bistan, negu gorriaren seinale. Horrenbertzez, Iruñerriko mendiak zuri daudela berrelduko diogu ohikotasunari nagi baino nagiago biharko astelehen buruzurian, buruzurietan buruzuriena, salbu arnasbideei erasaten dioten denetariko gaitzen ondorioz etxean jota gelditu beharko duten (edo gelditu beharko luketen) ehunka edo milaka lagunek, denok baititugu inguruan adiskide, senide, jolaskide eta lankide marrantatuak, erlastuak, sukartuak. Atzean gelditu dira, beraz, gabon giroko ospakizunak eta irudiak; bertzeak bertze, alkate andere ohiak Olentzerori egindako ongietorria eta, azken urteotan ez bezala, Sarasate pasealekuko eguberri etxoletako bozgorailuetatik bolumen atseginean etengabe zabaldutako euskal doinu eta gabon kantuak, lehenago nekez entzun baitzitekeen holakorik. Irudien artean ere, udal egutegia, Barcinak eta Mayak ez bezala, Ibarrolak auskalo zergatik ele bitan egindakoa, dela auzitegien beldurrez, dela bere alderdiak agindutako keinuekin bat egiteko; tira, ele bitan, santuen izenak izan ezik, dena erratearren. Euskararekiko keinu gehiago ere egin zituen iñuxente egunera bitarteko udal gobernu taldeak; konparazio batera, euskal munduarekin lotura duten hiru zuzendari izendatu baitzituen eta, bere txikian, bere ñimiñoan, hasiak ziren zenbait gauza egiten. Orain, udal taldea oposiziora joan den honetan, ezin jakin keinuei eutsiko dieten edo Tuterako alkateak hauspotutako itxikeria nagusituko ote den.