Masa-gizarte global eta masifikatuak baditu beste kezkabide batzuk egunerokoa aurrera ateratzeko, eta ez Repsol edota Iberdrola bezalako enpresa atseginek. Behin baino gehiagotan ekarri ditut orriotara zein kontraste lotsagarrizkoa sortzen zaidan oligopolioaren mandatariek beren mozkinen zenbakiak haizatzen dituztenean. Demagogia erraza egitea da, bai, baina lotsa apur bat ez ete da sortzen datu horien inguruan?

Aurreko asteetan agertu ziren zifra galaktikoak: Repsolek 2.500 milioi euro baino gehiago irabazi du lehen seihilekoan. Argi dago krisialdi energetiko baten erdian gaudela, horixe da esaten digutena, baina badirudi krisialdiak gure poltsikoaren zuloa baino ez duela handitzen. Enpresa horrek bikoiztu egin ditu bere irabaziak joan den urteko epe berberari begiratzen badiogu. Eta askok pentsatuko duzue, nola da posible? Aurreko hilabeteetan, hidrokarburoen prezioak disparaturik zeudela, gure garraioei edateko ematen diegun likidoen prezioaren igoerak zerikusia izango du?

Inguruan dauzkagun pandemiaren olatuak eta Ukrainako gerrak egoera sozio-ekonomikoaren desorekaren argudiotzat hartu dira, eta abstrakzio ariketa eginez, eta txisteratik untzia ateratzen den bezala, ale hop!, mozkin gordinak ere potolotu egin dira. Ezaguna den beste enpresa batek, Iberdrolak, bere poltsikoak diruz bete ditu. Betiko legez, zatika ematen dituzte datuak, eta hala, lehen seihilekoan, 2.000 milioi euro baino gehiago irabazi ditu. Hortaz, urtearen amaieran, 4.000 milioi euro baino gehiago izango dituzte argindarraren handi-mandi horiek. Argindarraren prezioaren gorakada geldiezinak izan du zerikusia. Eta inguratzen gaituen egoera ikusita, enpresa horiek izandako mozkinak aurreko ekitaldikoak baino handiagoak izateak ez ote dakar beste askoren sufrikarioa? Orain Espainiako Gobernuak zerga bereziak jarriko dizkie horiei, bai eta bankuei ere, azken horiek interesetan eta komisioetan milioiak eta milioak ere irabazten baitituzte. Baina beti izango da tranpa egiteko tartea, eta nik uste dut, modu batean edo bestean, zerga berri horiek bezeroen bizkar amaituko direla.