Brasilen gertatu dena serioegi ez hartzeko tentaldia dago, konprobatu dudanez. Egia esan, irudi batzuk ikusita, txantxak eta memeak berez datoz eginak: selfiak egiten dituzte batzuek sare asozialetan jartzeko (ez al dakite gero epaitegi batean irudiok erabili ahal dituztela?); neomendekostalista talde bat zirkuluan, eskutik helduta, gora begira daude otoitz egiten Espiritu Santuaren edo estralurtarren etorreraren zain (baina ez al zuten armadaren etorrera eskatzen?); senatuko mahaia txirrista moduan erabili du batek beste batzuek aurkitzen zuten guztia txikitzen zuten bitartean (ez al dira errazegi sartu erakunde horietara?). Denak du inprobisazio kutsua, dena “natural-natural” (hemen askok maite duten hitza erabiltzearren) atera balitz bezala.

Nik uste dut gauza oso serioa dela, ezer ez zegoela inprobisatuta, ezer ez dela “natural-naturala”. Aitzitik, badirudi Brasilian gertatu dena orain dela bi urte Washingtonen gertatu zenaren kopia zehatza dela eta, beraz, beste nonbait gerta daitekeela pentsatzea ez dela erokeria. Boterean zegoen eta hauteskundeak galdu dituenak hauteskunde horien emaitzak zalantzan jartzen ditu eta, ondorioz, gobernu berriaren zilegitasuna; edo hauteskundeen emaitzak ezbaian jarri ez arren, zilegitasuna ukatzen zaio gobernu berriari eginiko itunengatik edo politika zehatzengatik; gobernu berrikoak ez dira benetako estatubatuarrak edo behar bezalako brasildarrak edo “españoles de bien” edo euskaldun jatorrak. Banderak astindu, egiaren mozorropean saldutako gezurrak barreiatu, hiztegia zabaldu (“socialcomunista” bezalakoak modan jarri), gizartearen banaketaz aho betean mintzatu eta aurrera. Dirua behar da, jakina, eta batzuek diru asko dute (Brasilen agronegozioa), eta beste batzuen konplizitatea (polizia, talde erlijiosoak, epaileak), eta herritarrak, ordainduta, antza, brasildar selekzioaren elastiko horia jantzita (ai, futbola!), Hiru Botereen Plazara, jolas-parke bihurtuta, joango direnak kanoi-bazka (meme-bazka, gure garaian) izatera.

Bolsonarok nazionalitate italiarra eskatu nahi duela irakurri dut. Washington, Brasilia... Erroma hurrengoa?