Herenegun eguerdian plazaratu zituzten. Nafarroako datu orokorrak, ereduka, bai eta Iruñerrikoak ere. Lehen datua, garrantzitsua arrunt, azken bi asteotan bolo-bolo zabaldu denaz bertzela, D eredua ez da hondoratu. Hortxe dirau. Tinko? Neketan? Denetariko iritziak daude. Hiriburuko eta inguruko zenbait ikastetxetan izaniko jaitsierari erreparatuta ibili dira zurrumurruak aho-mihitan, hiriko eta Iruñerriko hainbat ikastetxetan izaniko gorakadari ohartu gabe, eta haur kopurua gero eta txikiagoa dela kontuan hartu gabe. Erdal ereduko ikastetxe handi batzuetan ere hasi dira jaiotze-tasa murritza nabaritzen. Datu zehatz ofizialik ezean, guraso eta euskaltzaleen sareetatik heldu dira auzo, herri eta ibarretako zenbakiak, bai eta udal batzuetatik ere. Bada, Iruñetik gora, begi-bistakoa da euskal ereduaren indarra, Ziorditik Erronkariraino, Irunberri eta Agoitzerria barne. Iruñerriko D ereduaren batez bestekoa Nafarroakoa baino handixeagoa da, eta nabarmentzekoa da Estellerriko mendialdean eta Erdialdeko zenbait tokitan azken urteotan hartu duen indarra, arras finkatu baitira aurreko legealdian irekitako lerro gehienak. Joera hori ere ikusten da Aragoi ibaiak bustitzen dituen bazter batzuetan, Erriberan. Mejanako hiriburuan ere ongi atera da Argia ikastola, bai eta Vianako Erentzun ere. Tuteran % 5,50 inguru izan da D eredua aurten aurrematrikulazioan. Erriberako herri gehienetan, ordea, % 0. Horrek eta nafar berriek egiten duten aukerak izugarri baldintzatzen dute Nafarroa osoko datua. Bertzela erranik, nafar berrien seme-alaben ehunekoa gero eta handiagoa da, eta gurasoek ez dute oro har euskal eredua aukeratzen. Hezkuntza Departamentuak ez du deus egiten herritar horiek euskal eredura erakartzeko, aitzitik baizik, urruntzen ditu. Beraz, bertzelako ekimenen bidez saiatu beharko da. Ez da erronka makala.