Ramon Lobo kazetaria minbiziak jota hil da eta bere heriotzaren ondorengo erreakzioek argi eta garbi erakutsi digute, besteak gauza askoren artean, bere lagunen lagun izan dela. Asko izan dira hari buruz idatzi direnak eta denetan islatzen da haren distira, haren gizatasuna, adiskidetasuna... Lankide izan zuen kazetarietako batek haren agurrean azpimarratu du Lobori kazetaritza munduan denek ziotela errespetu handia. Esaten du: besteen errespetua irabaztea, hori bai da joateko modu arrakastatsu bat. Nire osaba batek esaten zuena gogorarazi dit: bizi zaitez zure helburua hil ondoren oroitzapen on bat uztea balitz bezala. Lobok, antza, lortu du. Eta hau bizitza osoan inguruan izan duen jendea tratatzeko moduagatik da, bereziki, onartzen zuelako besteen beharra zuela. Jendeak Lobo maite izan du, Lobok jendea maite izan zuelako. Bere Las ciudades evanescentes liburuan esaten du: “Heriotzarekin amets egitea, zure hiletara joan nahi izatea, zure hilobiaren gainean loreak jartzen eta errautsak zabaltzen zure lagunekin batera parte hartzea… besteen konpainiaren beharraren adierazpen nagusia da”. Besteak kontuan izan dituen gizona izan da Lobo, horregatik geratu da iltzatuta hainbeste jenderen oroitzapenean.

Mundu honetan edertasuna uztea. Horra hor beste helburu handi bat, Lobok berak hil aurretik aipatutakoa, pozik joateko modukoa. Oroitzapen on bat utzi, besteen errespetua irabazi, edertasuna sortu… Horra oraindik bizirik gaudenontzat utzi dizkigun irakaspen ederrak. Berak argi zeukan. Haren esanetan, heriotza ez da txantxa makabro bat hil aurretik benetako bizitza bat izan baduzu. Eta hala da. Beste hark esaten zuen bezala, galdera ez baita heriotzaren ondoren bizitza dagoen ala ez, baizik eta hil aurretik bizitza dastatzeko ahalegina egin dugun. Lobok egin du eta besteen errespetua irabazi du bidean. Hori bai arrakasta. Ramon Lobo, respect.