Bi kontuk ematen zidaten jakin-mina Espainiako Kongresuko eztabaidan. Lehenbizikoa, PSOEko hautetsiren batek, Sanchezi gabe, Feijoori emanen ote zion botoa. Bigarrena, zer hizkuntzatan mintzatuko ziren euskal diputatu abertzaleak. Lehenbizikoari dagokionez, zilegi zen zalantza. Aurrekari historikoak izateaz gain, lotsarik gabe ibili izan dira horren eskean PPko bozeramaleak eta eskuineko prentsa. Azienda ezagututa, hain ezinezkoa ez zen lau alproja aurkitzea, prezio egokian bozka aldrebesteko prest. Egia aitortzera, harritu egin nau diputatu sozialisten diziplinak. Guzti-guztiak Antxon Valverderen kantako etxeko andre jatorra bezain fidel izan zaizkio beren buruzagiari. Ustekabe gutiago sorrarazi didate EH-Bilduko eta EAJko kongresukideek PSOEkoek baino. Independentista katalanei zor zaie duela bi astez geroztik Espainiako Kongresuan hizkuntza koofizialen erabilera posible izatea, neurria haiexek jarri baitzuten mahai gainean, Sanchezen inbestidurari noizbait sostengu emateko lehen ordain gisa. Duela bi aste, Espainiako Parlamentuan gaia eztabaidatu zelarik, beren hizkuntzetan baizik ez ziren aritu katalan eta galiziar abertzaleak; euskaraz eta gaztelaniaz, berriz, alderdi euskaltzaleen eledunak. Gure arteko iritzi-emaile gaixtoren batek ohartarazi zuen orduan, norainoko txarkeria egina zieten politikari katalanek euskaldunei, luzimendu dialektikorako aukera murrizten dien mintzairara behartuta. Lehengo astean, bertze nazionalitateetakoek ez bezala, gure diputatuek ez zieten lanik eman Kongresuko itzultzaile berriei. PPko kideak, lehendakarigaia barne, entzungailurik gabe ikusteak etsiarazi zien, nonbait. Gureekin, erraza dute euskara aditu nahi ez dutenek. Feijóok botazioa galdu zuen, baina euskararen kontrako batailatxoa irabazi. Asteburuan, Aizpuruaren eta Estebanen lepotik irriz ari ziren eskuin muturreko hedabideak.