Azaroa oparoa izaten da egiazki euskarazko edo gure hizkuntzaren inguruko saio eta ekimenetan. Nekez, ordea, aurten adina ekitaldirik. Aurten, gainera, gure ekialdetik dator lehen notizia, herenegun Itzagaondoan aurkeztu eta asteburuan salgai egon baita Urrozko feria ospetsu eta jendetsuetan “Ai, ene onetsia” izenburuko liburu mardula, Gorka Lekaroz filologoak ondua, Itzagaondoa ibarra elkarteak plazaratua, Nafarroako pirinioaurre ingurua eta euskara jorratu duen lana. Eskualde zabal-zabal bateko hizkuntzaren gaineko testigantzak eta agiriak ekarri ditu egileak paperera, hots, Lizoainiar-Arriasgoiti, Urrotz, Agoitz, Untzitibar, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Irunberri, Almiradioa, Erromantzatua eta bertze leku batzuetakoak. Hilabetea bukatu baino lehen, berriz, Iruñerria euskal izkribu zaharren iturri agortezinaren iturburu nagusietako bat dela frogatzen duen erakusketa iritsiko da, Euskaltzaindiaren eskutik, Ezkabarteko Urtasun-Lakidain anaia idazleen berri emanen duena. Jose Manuel eta Juan Manuel anaiak Zildozko Perutxena etxean sortu ziren XVIII. mendearen azken herenean eta XIX.eko erdialdean zendu, sortetxean berean. Gauza jakina zen Perutxenean euskal eskuizkribu aunitz zeudela; ez hainbertze, ordea, ezta nork eginak ere. Orain, Ekaitz Santazilia filologoak agiri gehienen egileak nor diren argitu du. Perutxena altxorra da zinez, bertan ere XVIII. mendean argitaratutako euskal libururik aurkitu zelako (Larramendi, Mendiburu, Mikelestorena…). Bada, izkribu horiek eta Ezkabarteko bertze euskal testu zahar aunitz (elizakoak, administratiboak, koplak eta bertze) ikusgai egonen dira Arren, ortziraletik aitzina. Izkribuen artean, Orrioko etxe batean berrikitan aurkitutako idazkia, herrietako etxeetan oraindik dauden euskal printza ezkutuen erakusgarri. Betoz, beraz, gisako izkribuak argira.