Urte berria hasi da eta inpaktu handiko albisteak hasi gara jasotzen. Lehenak agian amesgaizto baten irudia ekarriko digu berriz, laster erabili beharko dugun distortsiozko elementu baten erruz: musukoa. Badirudi gainezka dauden osasun zentroetan maskara erabiltzea derrigorrezko kontua izango dela hemendik aurrera, gripe kasuek, arnas-aparatuarekin loturiko gaixotasunek eta COVID-19 infekzioek gora egin baitute. Espainiako Gobernuak zabaldu du kezka sakona, eta gaixotasun horiek heda ez daitezen dugun antidototik indartsuena maskara denez, bada, seguruenik erdi ahaztuta genuen irudia maizago ikusiko dugu gure kale eta plazetan berriro. Gabonak bertan izan dira, eta jende metaketa horiek arindu egin dute birusen zirkulazioa, eta eguraldi txarrak parametro ezin hobeak ekarri ditu sintomak areagotzeko.

Beste albiste batek ere ilundu du urte hasiera hau. Galiziako kostaldera iritsi dira plastikozko milaka bola, eta itsasertza erabat kutsaturik geratu da egunotan. Handik hurbil zebilen itsasontzi batek edukiontziren bat galdu, eta barruan zeramatzan plastikozko karga zikina itsasoan zabaldu da. Orain tragedia agertu da kostalde horietan milaka plastiko-bolaren itxurarekin, atoan gure kostaldean ere agertuko direnak. Baina egia esan, betidanik izan dira gure hondartzetan. Ondo begiratzen baduzue topatuko dituzue. Saiatu!

Plastikozko tona horiek guztiak bertako herritarrak hasi dira batzen, Galiziako PPko Xuntak ez baitu inolako mugimendurik egin drama ekologikoa konpontzeko. Ea bertako hauteskundeetan ordaina jasotzen duen alderdi horrek, nahiz eta zaila dirudien (Prestigerekin agiturikoa kontuan hartuta).

Eta azkenik diskriminazioaz egin behako dugu berba, izan ere udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea ekimen diskriminatzailea da. Bai eta euskarazko ikuskizunak programatzea ere, Eguesibarko alkate Xuriñe Peñasek esan zuen moduan. Ekitaldi horiek erdaldunak diskriminatu egiten dituzte, hizkuntza hori ez dutelako ulertzen, baina euskaldunok, oso azkarrak garenez, gaztelerazko ikusgarriekin ere gozatu ahal dugu, perfektamentien ulertzen baititugu.