Atzo Klimaren Munduko Eguna ospatu genuen. Errusian gertatutakoak, Gazako zerrendako sarraskiak eta goseteak, eta datozen hauteskundeetarako hautagaien kontuek espazio gutxi utzi diote gure klimari, baina argi eta garbi esan behar da puntako gaia izan behar dela mahai politiko guztietan eta programa politiko guztietan. Azken hamarkadetako aldaketa klimatologikoen azelerazioa izugarria izan da, eta geuk ere gero eta gehiago nabaritzen ditugu aldaketok: neguak leunagoak dira, elurteak txikiagoak eta efimeroagoak; tenperaturak, oro har, altuagoak dira eta ondorioz ur-eskasiaren arazoa gero eta handiagoa da, bai eta basamortutzea ere; muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta bortitzagoak dira, eta horrek eragin zuzena du biodibertsitatean.

Aurten guztiok harritu gara zein arin etorri diren hegazti batzuk, nola aldatu diren beren zikloak, zenbait kasutan nola errepikatuko dituzten. Lore eta landareekin antzera gabiltza, desoreka dago polinizazioan eta orain, dagokien garaian baino lehenago hazi eta loratzen dira. Egun hori, beste askotan egiten den bezala, arazoaz sentsibilizatzeko, eta kontzientzia hartzeko eratu da, hortaz, jabetu gaitezen, eta politikariak ere benetan gertatzen denaz ere jabetu daitezen. Baina gaurko egunotan botoek balio handiagoa dute, eta horrexegatik, kanpaina politikoa pil-pilean dago.

Botoa emateko unean zalantzaz beterik dabiltzan horien bila joko omen dute alderdi guztiek, eta horretarako akrobazia politikoak egiten dituzte han-hemenka. Hauteskundeetarako hilabetea falta denean, EITB Focus inkestak ekarri duen albiste pozgarria da hiru letra dituen alderi ultraeskuindarra Legebiltzarretik kanpo geratuko dela, eta gaur egun duen ordezkari bakarra galdu egingo duela. Hala bada, zergatik ateratzen dute EITBn alderdi hori burutzen ari den kanpaina? Hutsaren hurrengo bada, ez eskaini ez denbora, ez espazio bat telebistan. Gauza garrantzitsuagoak egon badaude, adibidez, Klimaren Munduko Eguna.