“Bueltan da, barruan dugun pasio sugarra” kantatzen dute Bulego talde azkoitiarreko kideek. Eta arras berria den kantu batetik, Euskal kantu zaharren egunera. Hau ere, hiru urteren ondoren, “bueltan” delako. Iragan azaroaren 26an izan genuen hitzordua Urdazubiko Dantxarinea auzoko Venta Peio barnean dagoen Lugarana jatetxean. Han eman genion bukaera etenaldi luzeari.

Luze egin baitzaigu, ezinbestean, pandemiak bortxara eragin itxaronaldia festa honen jarraitzaileei, festa honen familia osatzen dugun denoi. Luze, eta ez bestelakorik gabea, gauza aunitz gertatu baitira elkar ikusi ezin izan dugun denbora honetan. Hurbilekoak eta maite zuten jendea galdu dituzten lagunak besarkatzeko aukera izan genuen azkenean; sentitzen dugula esan eta nahigabean lagun gaituztela berretsi.

Festari hasiera eman aitzin, ustegabeko ariketa proposatu zuten antolatzaileek. Ondoan, ezker-eskuin genituenak besarkatzea. Ondokoak ez ezik inguruko guztiak ere besarkatzeko baliatu genuen abagunea. Eta horren beharra genuela baietsi; etenaldiak sortu dituen zauriak eta urruntasuna sendatu, eta gure gogoetatik ezabatzen hasteko beharra dugula, alegia.

Hortik aurrerakoak, laino batean sartu eta espazio-denborak lausotzen diren amets ezti batean bezala joan ziren. Beti bezala, uste gabean heldu ziren gaueko hamarrak eta heldu den urtera arte adio esateko tenorea. Beti bezala, bainan inoiz baino bizkorrago, agian. Gozatzen diren uneekin gertatu ohi den bezala.

Han bizi izan genuenaren zertzelada xume gisa, besteak beste, honako pasarteak:

Hauspolariek taldeko Izaskun eta Jaionek duela zenbait urte zendu zen beren adiskidearen omenez hark gustuko zuen “gogoaren baitan” kantuaren emanaldia, han geundenek kantu eta dantzaz laguntzen genituelarik;

Jaione Olazabal, senar Jon, eta haien lau seme-alabek eskaini zuten emanaldia. Aresoko kantariak bere botz miresgarriarekin, eta Jonek gitarrarekin bidea eman, eta haurrek burutu zuten saioak mahai inguruko denak zutiarazi gintuzten. A zer artista familia! Ondoren, etxerako bidea hartzen hasiak zirela, oholtzara itzuli nahi izan zuten haurrek “bake mina” kantuaren lehen notak aditu bezain laster, aipatu kantua denekin batera kantatzera.

Pantxoa Karrere kantari ezagunak Manex Pagolaren “azken dantza” kantuari hasiera eman aitzin pasadizo pollita kontatu zuen; nolaz Iparraldeko dantzaleku batean beti azkenerako uzten zuten kantu hori, eta “azken xantza” deitzen hasi ziren; Hots, ligatzeko azken aukera. Pantxoari bereziki eskertu behar diogu entzuleen eskariei jarraiki Manex Pagolaren beste kantu gogoangarri bat kantatzea: “ez dut bilatzen”.

Ohi bezala, ez zuten hutsik egin hitzordura Leitzako dantzariek, Zubietako joaldunek eta Bankako Menditarrak taldeko lagunek. Bai eta denen txaloak ongi irabazi ere.

Omenaldi eta eskertza berezia jai handi honen babesleei, bereziki Urzante eta Martiko etxeei. Ez dugu merezi hainbat aise eskertuko euskal kulturari egiten ari diren ekarpena.

Eskertza berezia, halaber, Lugaranako langileei, beti bezain adietsu burutu baitzuten beren lana.

Txalo bero bat musikariei: Frantzis Santxotena, Iruritako soinujotzaile fina; Beñat Mitxelena, Arantzako musikaria. Zer ez du jotzen honek? Eta, nola ez, Aitor Ibarra handiari! Berriz ere denak loriatu gintuen Sunbillarrak. Azken urteetan pairatu dituen osasun arazoak, zortzi ebakuntza eta zainketa berezietan egonaldi luzea erakarri dizkiotenak, behin betikotz gainditurik, bueltan dira Aitor eta bere tronpeta ere, denen zorionerako.

Azkenerako utzi dut jai honen sortzailea, burua eta arima; Angel Mariezkurrena. Hau ez da joan. Etenaldiak etenaldi, beti hor dago Angel, euskal kantu eta kultur adierazpenei ekiteko prest, lagunartean kantatzeko euskal ohiturari arnas berria emateko adi. Bihotz eta arima jartzen ditu eratsundarrak egiten dituen gauza orotan eta hori goraipatu gabe ez nuke geratu nahi.

Bukatzeko, besarkada bat jai honen jarraitzaile guztiei; etorri zirenei, etorri ahal ezin izan zirenei, eta etorri nahi bainan leku faltagatik ezin dutenei. Izan ere, Lugaranako jangela ederra aspaldi da txiki geratua etorri nahi luketen lagun guziak biltzeko. Denek osatzen baitugu euskal kantu zaharren familia.