“Ezin da gizarterik egon, bere batasuna eta nortasuna eragiten dituzten sentimendu kolektiboak eta ideia kolektiboak tarteka defendatu eta berresteko beharra sentitzen ez duena.” Hala adierazi zuen Émile Durkheim soziologoak duela mende bat baino gehiago. 

Herri bat gara eta gure buruak berresteko beharrizana biziraupen kontu bat da. Orokorrean gure etorkizunarekiko baikorra naizen arren, sarritan, loa bera ere eteten dizkidaten ardurek aztoratzen didate gogamena.

Dikotomia hau naturala da euskaldunongan, izan ere, oso ongi moldatzen gara betidanik gabiltzan amildegi ertz honetan zehar. Alabaina, horietaz jabetzen ez garen harritzarrak ere datozkigu gainera. Eta batzuetan, muturreko egoera hain delikatu honetan erosoegi goazenaren eta noizbait ahuleziak hartu, despistatu eta tupust egingo dugunaren beldurrak harrapatzen nau. 

Zorionez, indarrean eta erne mantentzen gaituzten iturri bizigarriak eraiki ditugu bidean. Bizigarri horietako bat Korrika da. 

Korrikak ez ditu soilik euskaldunon arteko batasuna eta nortasuna eraberritzen. Bizitzari esanahia eta balioa ematen dion energia eraberritu batez ere hornitzen gaitu. Izan ere, ura eta janaria behar dituen bezala behar ditu gizakiak batasun sentimenduak. Eta ez da metafora bat. Ikerketek modu trinko batean erakusten dute hori, oinarrizko beharrizan psikologiko bat dela alegia. Honenbestez, gizakiak ura eta janaria behar dituen bezala behar ditu batasun sentimenduak eraberrituko dituzten erritu kolektiboak. 

“Gu”-tasun hau eraberritzeko gakoa bakarra da: elkarrekin egotearen sentimenduez gozatzea. 

Gora Korrika!