Bidaia honen hasierako puntuan gaude eta datozen egunetan zehar jarraituko dugun lerroari begira gaude. Herriaren izenak argi uzten du horretarako egokia dela leku hau, Miranda de Ebro. Orientazio aldetik inoiz egin dugun bizikleta bidaiarik errazena izango dela dirudi, azken finean jarraitu beharreko bidea argi dago, ibaia begi-bistan dugun bitartean, ondo goaz. Gainera, dena aldapa behera da Mediterraneo itsasoraino. Beno, hori uste genuen.

GR-99 izena du Ebroren luzera guztia zeharkatzen duen ibilbide luzeak. Gure asmoa bere marka gorri eta zuriak jarraituz bidea egitea zen, baina argi geratu zaigu hasiera-hasieratik hori eginez gero ez garela sekula santan iritsiko. Ibaiaren joan-etorri guztiak jarraitzeaz gain, batzuetan ez dago bizikletarekin igarotzeko moduko zorurik. Mapa eskuan, tarteka-tarteka gertuen agertzen den errepidea erabiltzea ontzat hartu dugu, bidaiari puritanoaren dileman erori gabe.

GR 99 ibilbideko marka txuri gorriak Eneko Eizagirre

Arabar Errioxako lurrak izan dira lehen kilometroetan nekea eragin digutenak, baita lehen ezustekoak ere. Aldapa beherak badaude, baina aldapa gora baten ostean datozela ikasi dugu. Gure zorionerako, bigarren ezustekoa ere izan dugu, Korrika alternatiboarekin egin baitugu topo, baita arabar olioaren festarekin. Laguardia, Eltziego eta Moreda Araba erraz igaro ditugu ardo beltz eta olioz bustiriko ogiekin indarberriturik. 

Behin Nafarroan sartuta, txirrindulariarentzat oso gogorra den koktela irentsi behar izan dugu, haizea kontran eta zuzengune amaigabeak. Mendabiara iritsi aurretik dagoen zuzengunea, urte luzez nire amesgaiztoetan errepikatu den irudietako bat izan da. Halako trantzeetan, hauspo pixka bat eman diguna aurrera eta atzera dabiltzan zikoinen irudia da, bikoteetan dozenaka biltzen direnak San Adriango elizan eta beste hainbat teilatutan. Erriberan sartuta, eta Ebroren meandroak saihestuz, Arguedasen eraikin bat margotzen ari den Pinturitas margolari xelebrea ezagutzeko aukera izan dugu, lehen aldiz Ebro ibaia gurutzatuz Tuterara iritsi aurretik.

Aste santu betean, Erriberako hiriburuan, gure aterpeko ohetik biho-tzak uzkurturik altxa gara danborren hots sarkorren erruz. Prozesio bat da, kukurutxo formako txapel eta gurutzez hornituta, alde zaharreko kale estuetan barrena dabilena. Ez bagenu inoiz aurrez prozesio bat ikusi telebistan, ohe azpian egongo ginateke dar-dar batean apokalipsiaren zaldunak ikusi genituela sinetsita.

Tutera osteko tartea ibilbide osoko aspergarriena da. Olibondoak, azaloreak, garia, haizea, euri zaparradak eta berriz olibondoak eta atzetik datozenak. Gainera, GR-99 aren seinaleak zintzoki jarraitzen saiatu gara noizbehinka, eta ez aurrera ez atzera egon gara behin baina gehiagotan, errekarri handiz beteriko soroak zeharkatuz edo trenbideak gurutzatuz. Azkenean, trena hartu dugu tarte batean. Pikutara bizikleta bidaiari petoaren puritanismoa!

Ebrori ertzetik begiratzen dion hiri nagusienean, Zaragozan alegia, janez eta edanez ondo hornitu gara datozen kilometroei indartsu ekiteko. Paisaia errepikakorreko kilometro sorta baten ostean, asperduraren asperduraz agian, Ebro bere baitan kiribiltzen hasi da makil bat duen ume baten erasoa jasaten ari den zizare baten moduan. Sástago herrixkaren inguruan meandroak bata bestearen atzetik kateatzen dira, orientazioa galduta, Ebroko uren noranzkoa zein den zeharo galdu arte.

Itsaso batekin egin dugu topo, baina ez gara Mediterraneora iritsi oraindik. Aragoiko itsasoan gaude, hala bataiatua baitago Mequinenzako urtegia. Energia elektrikoa sortzeko eta uholdeak kontrolatzeko eraikia, gaur egun hori egiteaz gain, Europako kirol-arrantzale mordoa erakartzen ditu bertako ur geldoak, bertan ezkutatzen diren siluru erraldoiak harrapatzeko irrikaz daudenak.

Sástago herriaren ingurua Eneko Eizagirre

Kataluniako lurretan sartuta, kostaldeko mendilerroak ataka larrian jartzen du Ebro. Tokia topatzen duen lekutik doa, Flix herrian bezala toleste handi bat eginez edo aurrerago tentsioa pizten duen Ascóko zentral nuklearraren albotik igaroz. Noizbehinka GR-99 ibilbidean sar-tzen gara beste behin, lezioa inoiz ikasten ez duen ikasle kaskarrak bezala, baina Pas de l’Ase (Astoaren pasabidea) bezalako lekuak igarota, berriz errepidearen hautua egiten dugu.

Helmugan, Ebroko deltan Eneko Eizagirre

Ibaiaren estuguneak arrokan zintzilik dauden Miravet bezalako herri politak sortzen ditu, Tortosa inguruan orografia baretu eta Ebroko deltaren inguru laura iritsi aurretik. Laranjondoek eta arroz-soroek alaitu dizkigute azken kilometroak. Azkenean, Zigurateko behatokian, bizikletak aparkatu eta egunez egun gure alboan bidea egin duten ur tantei agur esan diegu. Ibai ertzeko jatetxe batean laranja zukua eta paella eder bat janaz, Ebro ibaia non amaitzen den bai, baina non hasten den ez dakigula ohartu gara. Badugu hurrengorako plana. Baina orain patxada pixka bat, unean unekoa. Bon profit.