Udarekin batera iristen dira egunkarietara mota guztietako aholkuak turistentzako, hau da, guztiontzako. Zenbatezinak dira “bisitatu behar dituzun Europako bost hiri ezagunenak”, “Euskal Herriko bost hondartza lasaienak” edo “Pirinioetan inork gutxik zapaldu dituen hamar ibilbide sekretuenak”. Halakoetan azpimarratzen da turista gutxi topatuko dituela turistak, bertara joaten bada, uste baita turistak ez duela beste turistarik ikusi nahi, zalantzazko baieztapena, nire ustez. Horregatik gomendatzen diren lekuak “ezezagunak” dira, ¨lasaiak” edo “sekretuak”. Erraz irudikatu ahal da turista inozoaren etsipena jende gutxik bisitatzen omen duen leku hori bera bezalako turista inozoez eta ez hain inozoez beteta ikustean. Azken buruan, denok dakigu mundu honetan ez dagoela toki ezezagun eta sekreturik, hara joateko garraiobide bakarra parapentea ez bada, eta hori ere ez da baztertu behar, turistak jende gogorra eta ausarta direlako, eguerdiko eguzki galdatan 231 eskailera maila igotzeko gai edo “Tourists go home” idatzita duen horma baten aurrean selfi irribarretsuak egiteko prest.

Ez dakit oraindik bera bidaiaria dela eta ez turista pentsatzen duen turistaren bat dagoen hortik. Inozorik inozoena. Turistak gorrotagarriak dira (gara), bai, eta uda partean hedabideen, ostalaritzako enpresen eta agintarien artean turismoa sustatzeko antolatzen diren ez-publizitate-kanpaina horiek gorrotagarriagoak (laster ETBko albistegiek Loiuko aireportua estudio nagusi bihurtuko dute). Turista espezie harrapari suntsitzaileena da, zalantzarik ez, baina ez dakit fenomenoak atzerabueltarik duen. Gurutzaontzien kutsadura handiaz hitz egiten dute esatariek pena aurpegiarekin, adibidez, eta berehala gurutzaontzi horietan bidaiatzen dutenek gure BPGari ze ekarpen egin dioten zehazten digute.

Alabaina, adinarekin bihotza biguntzen ari zaidalako agian, turistak gero eta errukarriagoak iruditzen zaizkit. Hori bai, barkatzen ez diedan gauza bakarra da turistaz jantzita doazela. Zer beharra. Beste gauza bat: zergatik deitu behar diote edozein ergelkeriari “esperientzia”?