Gaurkoan, eskaini dugun bigarren tailerrari buruz hitz egin nahi dizuegu; alegia, 0-3 haurrendako instrukzio gida. Izan ere, jakin badakigu zer zaila den gure seme-alabekin nola jokatu behar dugun jakitea. Sentsazio hori, lehenengo urtetan, areagotu egiten da, eta askotan esaten da pena dela seme-alabak instruzkio gidarik gabe ez etortzea. Hori kontuan izanda, guraso diren horiei hain zaila den adin horretan seme-alabekin jokatzeko instrukzio gida hori eskaini nahi izan genuen Jaso Ikastolako HHko orientatzailearen bitartez.

Tailerran gai hauek jorratu genituen: haurraren garapena, mugak, kasketak, hizkuntza, fardela, loa, pantailak eta jolasa.

Haurraren garapena

Oso kontuan izan behar dugu haurraren garapena bere osotasunean ulertu behar dugula: garapen fisikoa, soziala, kognitiboa, linguistikoa eta soziala. Horiek guztiak behar bezala garatu ahal izateko, horietan modu egokian eragiteko esperientziak eskaini behar zaizkie haurrei. Gero eta esperientzia aberatsagoak izan, gero eta hobeto garatuko da haurra. Esperientzia horietan gurasoen edo helduaren rola oso garrantzitsua da. Zergatik? Haurrak imitazioa, explorazioa, lotura afektiboa eta pertzepzioaren bitartez ikasiko duelako. Beraz, gurasook presente egon behar dugu, elkarreragiteko prest eta irisgarri.

Mugak

Gurasoen buruhausterik handienetako bat izaten da bere seme-alabei mugak jartzen asmatzea. Batzuetan teoria eta praktika behar bezala uztartzea ez da erraza, are gutxiago denon artean eraiki dugun bizimodu zoro honetan. Mugak ezartzeko klasikoak diren bi ideia buruan izatea komeni da: maitasuna eta irmotasuna. Alegia, asko maite zaitut, baina mugak zeintzuk diren, irmotasunez, erakutsiko dizkizut. Hain zuzen ere, horregatik: asko maite zaitudalako eta mugak beharrezkoak izanen dituzulako zure garapenerako.

Baina noiz jarri behar ditugu mugak? Osasuna, segurtasuna edo errespetua jokoan dagoenean. Nola jarriko ditugu mugak? Ondorengo hauek oso kontuan izanda: arauak eta ondorioak argiak eta errazak izan behar dira; koherenteak eta denek ezagutzen dituztenak; erlaxazio-prozesuan haurra lagunduko dugu; argi utzi behar da gustoko ez duguna bere jarrera dela, horrek ez du haurraren izaerarekin zerikusirik.

Kasketak

Oso kontuan izan behar dugu kasketaldi baten atzean hau guztia egon daitekeela: emozioa kudeatzeko zailtasuna, autobaieztapenaren beharra edo asetu gabeko oinarrizko premiak. Nola jokatu dezakegu? Lasaitasuna eta hetero-erregulazioaren bitartez.

Lasaitsuna nola adieraziko dugu? Emozioa esplizitatzen, haurra adierazten uzten, bere emozioa adierazteko modu egokia ez dela argitzen, segurtasuna bermatzen eta itxoiten.

Nola lortuko dugu hetero-erregulazioa? Emozioa adierazten laguntzen, jokabidearen alternatibak arrazoitzen eta bilatzen eta beti maitasuna erakusten, modu pertsonalean ez hartzen.

Hizkuntzaren garapena

Hizkuntza behar bezala garatzen laguntzeko hiru gako hauek oso kontuan izan beharko genituzke:

Komunikatzeari denbora asko dedikatu: egiten duguna deskribatu, eguneroko gauzak kontatu, bokalizazioak egin.

Ipuinak eta istorioak kontatu: Marrazkiak adierazi eta izendatu, istorioak kontatu marrazkiaren arabera.

Modu zuzenean zuzentzea saihestu: Eredu zuzena erabili, esaldiak azaldu, hizkuntza errepikakorra erabili.

Fardela

Gai honetan ere, oinarrizko zenbait ideia buruan izatea komeni da.

Fardela ez da kentzen, uzten da; haurraren heltze prozesua errespetatu behar da (fisiologikoa, kognitiboa eta afektiboa); aztertu dezagun ea gero eta gutxiago bustitzen duen, pixa egiten dagoela esaten digun eta kolaboratzen duen; haurra izan behar da prozesu horretan protagonista eta gu bidelagun.

Baina nola lagundu dezakegu haurra prozesu horretan: beraien erritmoa modu aktiboan errespetatuz; errutina batzuk ezarriz; pixontzia erabiliz eta eskura izanez; egin duena nazka edo enbarazurik adierazi gabe ikusten uztea; tarteka pixa gainean egitea prozesuaren parte gisa baloratuz; festa handirik ez eginez; eta garbitzeko eta konpontzeko prozesuan haurrari ardura emanez.

Loa

Loaren gaia dela eta, komeni da aldez aurretik jakitea haur batek zenbat denbora lo egin beharko luke. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 0-3 hilabeterekin 14-17 ordu beharko lituzke lotan; 4-11 hilabeterekin 12-16 ordu; 12-24 hilabeterekin 11-14 ordu eta 36-48 hilabeterekin 10-13 ordu.

Behar bezala lo egiteko prozesu horretan laguntzeko honakoak kontuan izan beharko genituzke: leku egokia izan behar du (zaratarik gabekoa, erosoa, garbia), errutina batzuk izan beharko genituzke lotara joan aurretik, haurrak behar fisiologikoak asetuta dituela ziurtatu beharko genuke, helduok lasaitasuna adierazi beharko genuke eta haurraren momentu emozionalari erreparatu beharko genioke.

Pantailak

0-6 urte bitartean, orokorrean, haurraren garapenean teknologiak ez du inongo ekarpenik eginen. Aldiz, teknologiaren erabilerak bere heltze prozesurako behar-beharrezkoak dituen eta oso aberatsak diren esperientziak izateko denbora kenduko dio. Adin honeta, haurra entretenitu, lasaitu eta estimulatu behar duena testuinguru naturala da eta ez teknologia.

Jolasa

Zerbait baldin bada ezinbestekoa haurraren garapen psikoebolutiboan jolasa da. Jolasak haurraren garapenean laguntzen du, bere beharrak asetzen ditu, lotura afektiboak egiten laguntzen du eta disfrutatzeko aukera ematen dio.

0-12 hilabete: Jolas funtzionala eta ariketa jolasa. Zentzumenen bitartez, estimulatzen eta esploratzen lagunduko duena.

1-2 urte: Jolas funtzionala eta ariketa jolasa. Mugimendua eta miaketa ahalbidetzen duena. Hizkuntza garatzen lagunduko duena.

2-3 urte: Jolas sinbolikoa. Eguneroko egoerak sinbolizatzen eta hizkuntza garatzen lagunduko duena. l