1975 urtearen aurretik, Irurtzunen zein inguruko herrietan hainbat eskola zeuden, bertako ikasleen beharrei erantzuten zietenak. Herrietan ematen ari zen igoera demografikoa kudeatu nahian, ikastetxe berria ikasleei ongi etorria emateko ireki zen. Gertaera garrantzitsu hori goraipatzeko asmoz, hainbat ekintza eta ospakizun desberdin gauzatu dira. Horrela, gaur egungo zein aurreko 50 urteetako eskola komunitatea biltzeko aukerak ez dira falta izan.

Ospakizunen hasiera moduan, ikastetxeko sarreran zenbait puxika azaldu ziren, 50 zenbaki misteriotsuekin. Asmakizun eta jolas artean, ikasleek gutxinaka jakin zuten, 50 urte betetzen zituena eskola bera zela. Hortik aurrera, pasabide batean ardatz kronologiko bat jarri zen, garai desberdinetako argazki, gertaera, aldaketa zein bizipenekin. Ardatz horrek mota desberdinetako lanketak egiteko aukera eman zien ikasleei: ikasle ohiei elkarrizketak, literatura lehiaketa bat… Urteurren berezi honetan ez da musika ahaztu. Musika departamentuan ikasleekin hainbat ideia bildu ziren eta Joana Ziganda bertsolariaren laguntzarekin abesti polit bat sortu zen. Ane Martija, abeslari eta ikasle ohia, abestiaren ahotsa izatera animatu zen, abesti eder bat grabatuz.

Ospakizun garrantzitsuena apirilaren 12an antolatutako festa izan zen. Egun horetan hainbat ekintza egon ziren. Goizean, herri kirolak eta jolasak egon ziren txikientzat eta hurbildu zirenei eskolara bisita egiteko aukera eman zitzaien. Eguerdian, eskolako fanfarreak (ikasle zein irakaslez osatutakoa) kalejira alai bat egin zuen partaide guztiak polikiroldegira laguntzeko eta bertan, 13:30etan eskolari omenaldia egin zitzaion. Ekitaldian Atakondoako historian garrantzitsuak izan diren hainbat pertsonek parte hartu zuten: garbitzaileek, hasierako irakasle zein ikasleek, D ereduko lehen belaunaldiak, aurreko zuzendariek, jantokiko langileek… Momentu hunkigarriak izan ziren. Jarraian, jantokian mahaiaren inguruan bildu ziren bertaratutako asko.

Bazkaldu bitartean, eskola garaiko kontuak partekatzeko aukera izan zuten eta baita bingoan aritzekoa ere. Bitartean, haurrak puzgarrietan ibili ziren. Eguna musika pixka batekin borobildu zen. Egun berezi hori prestatzea ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula izan. Aurretik, antolaketa lan handiaz gain, ekintza berezi batzuk egin ziren. Alde batetik, fanfarrean parte hartu zuten ikasle eta irakasleek zenbait entsegu egin zituzten azken asteetan. Bestalde, Iker Uribek eskolako horma batzuk alaitu zituen, Bigarren Hezkuntzako ikasleen laguntzarekin, irudi koloretsuak sortuz. Gainontzeko ikasleek ere haien ekarpena egin zuten apaiketan, haiek egindako marrazki, hormirudi eta postalak sarreran ikusgai jarri baitziren.

Artelan guztien artean, eskolaren 1975. eta 2025. urteetako bi argazki nabarmentzen ziren, 50 urtetako desberdintasunen adierazgarri. Ikasturtearen bukaera aldera iritsiz, azken ekintza eraman da aurrera. Horretarako, Atakondoan ikasitako hainbat ikasle ohi haien esperientziak partekatzera hurbildu dira, eta txikiek haiekin solasteko tarte bat eduki. Horrela, Julen Martija, Enara Urra, Unai Razkin, Naia Lizarraga, Aaron Ortiz, Lorena Zudaire, Joseba Arlegi, Arantxa Zudaire, Jose Javier Zabaleta, Itziar Matxain edo Joseba Huarte, besteak beste, gaur egungo ikasleekin topaketan egotera hurbildu dira. Zorionak eta urte askotarako, Atakondoa!