Ekimena orain dela bi ikasturte abian jarri zen, eremu honetarako egitasmo ezberdinen lehiaketa eginez. Lau proposamen aurkeztu ziren eta prozesu horretatik gailendutakoa da azken hilabeteotan gauzatu dena. Haur Hezkuntzako eraikinean azken urteetan egindako obrak osatzeko eta kanpo espazioek ere ikaskuntza esperientziak sustatzeko gaitasuna izan dezaten pentsatu da, izan ere, Konfiantzaren Pedagogiaren ikuspegitik, oso kontziente ginen ikastolan espazio hauen eraldaketaren beharraz. Ikastolan bizi diren une guztiak hezitzaileak direla ulertzen dugu, txikiak autobusean sartzen denetik etxera itzuli arte. Horren baitan, patioak ere berebiziko garrantzia du, eta ezin dugu aisialdi huts gisa ulertu. Horregatik, espazio hau berriz diseinatzeko beharra ikusi genuen, hezkuntza-testuingurua zabaldu eta haurren garapena modu integralean lantzeko.

Konfiantzaren pedagogia

Zentzu honetan, proiektu pedagogikoaren oinarriak lau zutabetan ardazten dira: Konfiantzaren Pedagogia, jolasa, ikaskuntzarako oinarriak eta LOMLOE bera.

Lehenik eta behin, Konfiantzaren Pedagogian pertsona bera dago erdigunean. Haur bakoitzaren gaitasunetan sinesten dugu eta horietatik abiatuta egiten dugu laguntza eta bidelaguntza pertsonalizatua. Bigarrenik, jolasa da haurren garapen globala bultzatzen duen motor nagusia. Mugimenduak emozioa pizten du, eta emozio horrek kognizioa. Horregatik, jolasa gure ekintza guztien ardatza da eta patioak jolas-esperientzia aberatsak eskaintzeko moduan egon behar du. Hirugarren zutabea ikaskuntzarako oinarriak dira, hau da, haurren garapenerako ezinbestekoak diren alderdi fisiko, sentsorial eta motorrak kontuan hartzea.

Azkenik, LOMLOE legeak berak ere jolasa eta esperimentazioa pedagogiaren printzipio nagusitzat jotzen ditu, eta gure praktikaere ildo horretankokatzen da.

Horrez gain, hiru ideia osagarri nabarmendu behar dira: aniztasunaren trataera, autonomia eta segurtasuna. Haurrak desberdinak dira, eta espazioek ere aniztasun horri erantzun behar diote.

Horregatik, proposatutako elementuak egitura gutxikoak izan behar dira, haurren sormenari eta aukera anitzei bide emateko. Autonomiari dagokionez, jolasa benetan esanguratsua izateko askea eta espontaneoa izan behar du; helduek ez dute prozesuak azkartu edo behartu behar. Eta, jakina, segurtasuna bermatu behar da, baina era berean helduen presentzia ez da zuzena izan behar, baizik eta zaintza periferiko baten bidez lagundutakoa.

Eraldaketaren onurak

Ikaskuntzarako oinarrietan sakonduz, lau alderdi nagusi landunahi izan dira eraldaketa honekin.

Lehenik, sistema bestibularra, oreka eta mugimenduari lotutakoa; beharrezkoak dira saltoak, birak, orekak eta oreka-galtzeak.

Bigarrenik, ukimenaren garapena, zeinak norbere gorputzaren eta besteen pertzepzioa bultzatzen duen; horretarako ezinbestekoak dira naturako testurak, ura edo babesteko txokoak (tipiak, etxolak…).

Hirugarrenik, erreflexu primitiboak, haurren garapen motor eta emozionalerako funtsezkoak, eta horiek integratzeko beharrezkoak dira lurrean egindako mugimenduak, arrastaka edo lauzpabost hankatan ibiltzea, oreka-ariketak edo kulunkak.

Azkenik, lateralitatea, gorputzaren bi aldeak modu harmonikoan erabiltzeko gaitasuna; horretarako baliagarriak dira korrika egitea, trepatzea, edo salto egitea.

Laburbilduz, patioaren berrantolaketak ez du soilik jolaserako gune atsegin bat sortu nahi; helburua esperientzia pedagogiko aberatsak eskaintzea da, non materialek eta espazioek aukera desberdinak emango dituzten, eta horrela haur bakoitzak bere garapen-bidean aurrera egin ahal izango du modu autonomo, seguruan eta errespetuzkoan.