Duela bi urte eta erdi abiatu zen Barañaingo Alaitz zein Eultza eta Sahats eskola publikoetako patioa eraldatzeko prozesua, eta ordutik hona komunitate oso baten inplikazioa eta elkarlana izan ditu oinarri. Hasieratik argi izan genuen jolastokia ez dela soilik atseden-lekua, hezkuntza-espazio garrantzitsua baizik: harremanak, aniztasuna, mugimendua eta irudimena sustatzen dituen gunea. Bide horretan, Alaitz eskolako Familia Elkartea, herriko eragile zenbait eta eskola bera eskutik joan gara. Elkarlan horrek aukera eman digu esperientziak partekatzeko, ikuspegiak aberasteko eta herri mailako proiektu bateratu bat eraikitzeko.

Ez gara hutsetik abiatu: beste herri eta eskoletako patio eraldaketen esperientziak ezagutu ditugu, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditugu, eta komunitatea aktibatzeko bi auzolan ere egin dira. Prozesu hau ez da soilik hezkuntza komunitatearen barruan gelditu. Hasieratik egon gara harremanetan Barañaingo Udalarekin, elkarrizketaren eta lankidetzaren bidez proiektuari bultzada instituzionala emateko asmoz. Era berean, urrats garrantzitsua eman genuen. Iazko urte amaieran, Nafarroako Parlamentuko talde parlamentariekin bilerak egin eta gero, 140.000 euro lortu ditugu Nafarroako aurrekontuetako emendakinen bidez, Alaitzeko patioan eraldaketa gauzatzeko funtsezko ekarpena izango dena.

Lortutakoa ez da kasualitatea izan, baizik eta denboran luzatutako lan kolektiboaren emaitza. Prozesuak erakutsi digu hezkuntza komunitateak antolatuta eta helburu argiekin jardunez gero, aldaketak posible direla. Alaitz eskolako patioaren eraldaketa ez da helburu bat berez, baizik eta herriko haur guztientzako espazio inklusiboagoak, jasangarriagoak eta hezitzaileagoak eraikitzeko bidean beste urrats bat.