Hizkuntza da pertsonok munduarekin dugun harremanaren oinarrietako bat. Hitzek errealitatea izendatzeko aukera ematen digute, baina baita pentsamendua antolatzeko, emozioak adierazteko eta besteekin harremanak eraikitzeko ere. Hiztegi zabala izateak ez du esan nahi hitzak ezagutzea bakarrik, baizik eta hitz horiek modu azkar eta eraginkorrean eskuragarri izatea, behar diren unean burura etor daitezen. Premisa horretatik sortu da 3000 hitz proiektua, hizkuntza-estimulazioa ardatz duen egitasmo pedagogikoa.

3000 hitz proiektuaren helburu nagusia ikasleen hiztegia zabaltzea da; bai kanpoko mundua, bai norberaren barne-errealitatea izendatzeko tresnak eskainiz. Proiektuak bereziki lantzen du izendatzeko gaitasuna, baina baita izendapen azkarra ere: hau da, hitzak erraz, modu automatikoan eta testuinguru egokian berreskuratzeko ahalmena. Gaitasun hori funtsezkoa da ulermenerako, ahozko zein idatzizko adierazpenerako eta ikaskuntza-prozesu orokorrerako.

Egitasmo hau Lizarra Ikastolako Orientazio Departamentuak garatu du, eta gaur egun Lehen Hezkuntzako etapa osoan aplikatzen da. Proiektua etapa osoan lantzen bada ere, ez da modu uniformean garatzen: landutako hitzak ikasleen adinera eta mailara egokitzen baitira, hizkuntzaren garapena progresiboa eta esanguratsua izan dadin. Horrela, ikasleek aurretik ikasitakoaren gainean eraikitzen dute hiztegia, pixkanaka-pixkanaka sare semantiko sendoagoak osatuz.

Helburu horiek lortzeko, askotariko baliabide pedagogikoak sortu dira. Oinarrian, 35 hitzeko multzoak lantzen dituzten aurkezpenak erabiltzen dira; irudi garbi, argi eta zalantzarik gabekoekin. Lehen fasean, irudia hitz idatziarekin eta ahozkoa entzunez aurkezten da; ikasleek informazioa hainbat bidetatik jasotzeko aukera izan dezaten. Ondoren, irudi hutsak erabiltzen dira, hitzik eta audiorik gabe; ikasleek beraiek ikusten dutena izendatu behar dutelarik.

Proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat errepikakortasuna da. Aurkezpen, jolas eta materialen bidez, hitzak behin eta berriz agertzen dira testuinguru ezberdinetan. Ikaskuntzaren ikuspegi neurozientifikoari erreparatuz, errepikapen esanguratsuak funtsezkoak dira informazioa finkatzeko eta memoria-sareak indartzeko. Horregatik, 3000 hitz proiektuan hitzak ez dira behin bakarrik lantzen, baizik eta denboran zehar berragertu egiten dira, ikasleek modu natural eta sendoan barnera ditzaten.

Ikasgelan, posterrak erabiltzen dira hiztegia ikusgai eta presente egon dadin. A4 formatuko laminak, irudia eta hitza batera dituztenak, ikasleen artean manipulatzeko erabiltzen dira; elkarreragina eta hizkuntza-aktibazioa sustatuz. Ikaskuntza ludikoa indartzeko, lince jokoa eta A6 formatuko karta-barajak ere baliatzen dira, hitz berriak gogoratzeko eta izendapen azkarra lantzeko. Baraja horien bertsio mutuak, gainera, ebaluazio-tresna gisa erabiltzen dira, ikasleek zer hitz barneratu dituzten aztertzeko.

3000 hitz proiektua etengabe garatzen ari den egitasmoa da. Astez aste hitz berriak txertatzen dira, eta horrek ikasleen hiztegia pixkanaka aberastea ahalbidetzen du. Proiektuak eragin zuzena du ikasleen egunerokoan: ulermena hobetzen laguntzen du, adierazteko segurtasuna ematen die eta hizkuntza tresna erabilgarri bihurtzen du. Hitzak, azken finean, pentsamendua egituratzeko eta mundua ulertzeko giltza dira.