Jon Balenziaga festaren antolakun-tzan buru-belarri sartuta egon da urte osoan, bilerekin eta ekitaldiekin, eta bihar Kilometroetako festan egongo da. Zumarragarra da baina Urretxun bizi da. "Niretzat oso egun berezia da: Urretxu-Zumarraga Ikastolan ikasi nuen eta nire semeak ere bertan ari dira. Gainera, hirugarren aldia da gure ikastolak Kilometroak antolatzen duela eta gogoratzen naiz lehenengoan nire aitak antolaketan parte hartu zuela. Beraz, oso gertutik bizi dudan jaialdia da". Normalean Kilometroetara joateko ohitura dauka Balenziagak: "Baina aurten guri dagokigu egun dotore bat prestatzea".

Goizean inaugurazio ekitaldia aurkezten izango da eta gune batetik bestera ibiliko da gero, Erronka ikusten eta kontzertuak entzuten. Balenziagarentzat egun benetan berezia izango da. "Izan ere, nire seme zaharrenaren urtebetetzea izango da eta familiarekin ospatzeko eguna da". Zubiak batuz abestia gustuko du eta bere semeek are gustukoago: "Kotxean joaten garenean askotan jartzen diet abestia eta buruz ikasi dute".

Zumarragan eta Urretxun giro berezia sumatzen da egun hauetan, aurkezlearen esanetan. "Herriarentzat eta ikastolarentzat erronka handia da biharko eguna, ilusioa eta ardura nagusi dira gauzak ondo egin nahi direlako. Urduritasun puntu bat ere badago", zehaztu du Balenziagak.

Kilometroak jaialdiak urtez urte Gipuzkoako herriak ezagutzeko ere balio du: "Iaz Oñatin egon nintzen eta herria hobeto ezagutzeko aukera izan nuen", aipatu du Balenziagak. J.González