UEU-ren udako ikastaroetan izena emateko epea, irekita

Iruñean lau ikastaro eta jardunaldi bat eskainiko dira, ekainaren azken astean

09.02.2020 | 10:54
Edurne Koch, Kepa Sarasola eta Irati Iciar, atzo, Ezpeleta jauregiaren atarian.

iruñea - Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eskaintza zabala prestatu du bere 47. edizioan, Elkar Ekin lemapean, aurreko urteetako arrakasta errepikatzeko helburuarekin. Denetara, 30 ikastaro eta 6 jardunaldi eskainiko dira, horietatik 4 ikastaro eta jardunaldietako bat Iruñean; eta gainerakoak Baionan, Eibarren, Bilbon, Tolosan, Donostian eta Usurbilen. Izena emateko epea jadanik irekita dago eta ikastaroa hasi baino astebete lehenago egin ahal izango da matrikula.

Atzo Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak, azaldu zuen moduan, ekainaren 20an Bilbon emango zaio hasiera udako ikastaroen edizio berri honi, Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldiarekin. Iruñean, aldiz, ekainaren 24tik 26ra bitartean garatuko da eskaintza osoa, kale nagusian kokatzen den Ezpeleta jauregiko egoitzan.

Nafar hiriburuan udako ikastaroko programaren baitan egonen den eskaintzaz gain, aurten, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean sortutako beste hiru ikastaro ere eskainiko dira. Doan izango dira ikastaro hauek, "azpiegitura, antolaketa eta giroa aprobetxatzeko helburuarekin", Edurne Koch, UEUren Nafaroako arduradunak atzo argitu zuen moduan. Kasu honetan, hezkuntza graduko ikasleek lehentasuna izango dute matrikulazioan. Kochek, bestalde, bai Nafarroako Gobernuarekin bai Iruñeko Udalarekin dagoen elkarlan "emankorra" azpimarratu nahi izan zuen. "Oso pozik gaudela UEUk azken urte hauetan Nafarroan egiten ari den lanarekin".

Eskaintza anitza, lurralde osoan Irati Iciarrek, UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak, gainontzeko ikastaroen berri eman zuen. Baionan 7 ikastaro eskainiko dira, Eibarren 16 ikastaro eta 2 jardunaldi, Bilbon 2 jardunaldi, Tolosan ikastaro bat, Donostian bi ikastaro eta Usurbilen jarldunaldi bat eskainiko dira. Guztien xehetasunak UEUren webgunean aurkitu daitezke: www.ueu.eus.

"Azken urteetan gertatzen ari den bezala", azpimarratu zuen Iciarrek, "aurten ere 100dik gora ikastaro proposamen jaso ditugu eta aukeraketa egitea zaila izan da, jasotako ideiak oso onak izan direlako". Iaz irekitako bideari jarraituz, Iruñean Ezpeleta jauregian eskainiko dira udako ikastaroak eta Baionan, Bernat Etxepare lizeoan, barnetegi moduan. Udako programaren arduradunak adierazi zuenez, Elkar Ekin eta lankidetzaren espirituari zukua atera nahi izan diote, "inoiz baino toki eta elkarlan aukera gehiago sustatuz Udako Ikastaroen antolaketan".

Sei ikastaro formatu desberdin biltzen dira eskaintzan, ikastaroen arduradunak aditzera eman zuenez. Ikastaro espezializatuak, jakintza maila zehatz bat eskatzen dutenak;dibulgazio ikastaroak, interes orokorrekoak;garapen pertsonaleko ikastaroak, garapen pertsonalera bideratzen direnak;jardunaldiak, hitzaldiak eta tailerrak.

"Gure izaeran dago elkargune izatea, eta udako ikastaroak ere hori islatzen dute", azpimarratu zuen Sarasolak. "Ikastaro hauek auzolanean antolatzen ditugu pertsona eta erakundeekin, eta elkarlan horretatik ekiten diegu proiektu berriei, jakintza berriei. Eta horregatik, beste urte batez, bere curriculum profesionala zein pertsonala aberastu nahi duen orok izango du tokia gure udako ikastaroetan".

ueu iruñeanHizkuntzalari Euskaldunen IV. Topaketa. Hitzetik hotsera. Ekainak 25.

Askapen bide(ar)en haritik 'Izan ginelako, izango gara?'. Ekainak 25-26.

Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza DBHko Natur Zien-tzietan: ingurumenari loturiko proiektuen diseinua. Ekainak 25-26.

Ekonomia sozial eta eraldatzaileko erakundeen kudeaketarako tresna eta estrategiak. Ekainak 25-26.

Komunikazio-estilo feminista lantzeko ikastaroa. Ekainak 24-25

doako ikastaroak

Hezkuntza Departamentuarekin:

Harremanak 3.0: gazteen sexualitatearen esku-hartzea espazio digitalean. Ekainak 25-26.

Gaitasunetan oinarritutako unitate didaktikoak. Ekainak 24-25.

Euskararen erabileraren lanketa ikasgelan HH-LH. Ekainak 24-25.

deskontuak

Laguntzak. Ikasle, langabetu eta jubitaluentzat beherapenak; hainbat udalen diru laguntzak tokian-tokiko herritarrentzat, Berrialagunentzat eta UEUko bazkideentzat...