gasteiz - Milaka euskaltzale bildu ziren atzo Gasteizen Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko (Gertu lelopean) eta, batez ere, euskara bultzatu eta Armentia ikastolari laguntzeko asmoz (beka sistema bat martxan jar dezan, besteak beste). Eguraldiak harrera ona egin zien Euskal Herri osotik etorritako familiei, eta goizetik jendez beteta izan ziren zirkuituaren lau zonalde. Aurpegia margotuta, Asier primeran pasatu zuen Prado parkean Mari Carmen eta Aurora amonek lagunduta. “Buelta bat ematera etorri gara, eguraldia oso ona eta giro oso polita da”, adierazi du Aurorak. Bere ustez, umeei euskara transmititzea oso garrantzitsua da. “Asier haurreskolan dago eta berak badaki zeozer euskaraz. Ilobak gero eta gehiago euskaraz ikastea espero dugu”, aipatu du Asierren amonak. Arabako ikastolen aldeko jaian bildutako dirua beka-sistema bat sortzeko erabiliko du Armentia ikastolak.

Ibon eta Ainara ailegatu ziren Prado parkera goizean Izaro alabarekin, ikastolara diru-laguntza emateko eta jaiaz gozatzeko, besteak beste. “Giroa oso dibertigarria da, gero kuadrillarekin bilduko gara eta ondo pasatuko dugu egun osoan”, esan zuen Ainarak.

Idoia, Garazi, Larraitz, Andrea, Laida eta Idurre bildu ziren goizean Prado parkean giroa sekulakoan jai egunaz disfrutatzeko eta euskara bultza-tzeko. Kontzertuak izan ziren nagusi Gasteizko nerabe horien planen artean. Armentia ikastolako lagunek askotariko egitaraua prestatu zuten adin guztientzako jarduerak; musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeen kon-tzertuak izan ziren, besteren artean.

Nerea, Ivan, Zuhaitz eta Udanek primeran pasatu zuten atzo Araba Euskaraz jaian. “Eguralida oso polita eta aproposa da Araba Euskaraz jaia euskaraz ospatzeko umeekin”, aipatu du Nereak. Txikienei zuzendutako ekitaldietan hartu zuten parte atzo, hala nola puzgarriak, pailazoak eta tailerrak, sagardoak eta bokatak ahaztu gabe bazkaltzeko, noski!

Eneko, Amagoia, Mattin eta Heiko Amurriotik hubildu ziren Gasteizera giro ederrean hizkuntza bultzada sendoa emateko euskararen alde daudelako. Oso pozik zeuden hurrengo Araba Euskaraz jaia Amurrion izango dela jakin ondoren. Datorren urtean Amurrion ospatuko da Arabako ikastolen jai handia, eta Aresketa ikastolak antolatuko du. Atzo hartu zuen lekukoa, eta auzolanean oinarrituta, 2020ko jaia prestatzeari ekingo diotela aurreratu zuten ikastolako ordezkariek. - B. M.