gaur eta bihar

Eskura zentroak giza eskubideen aldeko pedagogia baliabideen azoka antolatu du Tabakaleran

09.02.2020 | 15:36
Un niño observa el interior de la biblioteca de Tabakalera cerrada, ayer.

DONOSTIA. Eskura Aieteko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia Baliabideen Zentroak azoka bat antolatuko du gaur eta bihar Tabakalerako Kutxa Kultur plazan. Azokaren helburuak hau da: giza eskubideen ezagutza eta defentsa sustatzeko euskal elkarte eta  instituzioek sortzen dituzten pedagogia baliabideak pertsonaren  eskura jartzea.

Horrela, Eskua zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, Euskadiko elkarte eta erakundeek hainbat euskarritan sortutako material eta baliabide pedagogikoak erakusgai izango dira Tabakalerako Kutxa Kultur plaza espazioan. Bakearen eta giza eskubideen esparruko elkarteetako pertsona ugari elkartuko da azokan, ikusgai egongo diren baliabideei buruzko argibideak emateko bertaratzen diren irakasle, hezitzaile, gizarte integratzaile eta interesdun guztiei. "Hortaz, topaketa eta elkartrukerako gune interesgarria izango da, giza eskubideen arloko azken nobedadeak ezagutzeko aproposa", ziurtatu dute. Baliabide batzuen aurkezpen eta ekintza bereziekin osatuko dira bi eguneko jardunaldiak. Partaidetza eta metodologia demokratikoen praktika onen artean, besteak beste, Gipuzkoako Aldundiak Hezizerb elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) elkarlanean sustatutako Demogazte eta Jauzi Handia programak egongo dira.

Halaber, udal teknikari eta zinegotzi eta herriko ikastetxe, elkarte, eragile eta haurren parte hartzeari esker garatu den Pasaiako Haur eta Nerabeen Parte Hartze Sistema ere aurkeztuko da. lan horri esker, Unicefek ematen duen Haurren Lagunen Hiria aitortza zigilua eskuratu du Pasaiak.

Artea eta gaitasun sentsorialez baliatzen diren errekurtsoen artean, June Calsorren Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) buruzko Amalur egitasmoko abestiak entzun ahal izango dira, bai eta Baketik zentroaren antzerki-forum ekintza, errespetu eta berdintasun balioak bultzatzeko.

Inklusioa eta hura sustatzen duten baliabideen gainean hitz egiteko, diskriminazioa eta eskubideen urraketak bertatik bertara ezagutzen dituzten hiru erakunde bilduko dira mahai inguru batean: Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea, Agifugi Gipuzkoaren Etorkizunerako Ijito Elkartea eta Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa. Azkenik, sentsibilizazio kanpainetan teknologiaren erabileraren adibide gisa, Gurutze Gorriak bere errealitate birtualeko eserlekua aurkeztuko du.