- Amaia Lukanbio Aran-tzako Herri Eskolan ikasitako mediku gaztea da. Oinarrizko hezkuntza amaitu ondoren bizitzan ibilbidea hautatzeko aukera dugunez, aukera interesgarria da Amaiak bere ibilbidea nola bideratu zuen ezagutzea ikasle gazteontzat.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?Zein dira zure zaletasunak?

-27 urteko neska, mendian ibiltzea eta lagun giroan egotea gustuko duena.

Zerk sortu zizun medikuntza ikasteko nahia?

-Ez dut buruan zein momentutan erabaki nuen mediku izan nahi nuela; familian ere ez daukat osasungintzan lan egiten duen pertsonarik. Baina batxilergoa hasi nuenetik nire lehenengo aukera hau zela erran dezaket.

Zer oroitzapen dituzu eskolari buruz?

-Oroitzen naiz ikasgela bakoitzean maila ezberdin askotako ikasleak biltzen ginela; eskolako ikasle kopurua txikia baitzen urte haietan. Miresgarria iruditzen zait irakasle bakar batek lau adin talde ezberdinetako ikasleei ikasgaiak erakusten zizkiela klase berean.

Zein aholku emanen zeniguke orain guk mediku izan nahi bagenu?

-Nire iritziz, garrantzitsuena norberak hartutako erabakia izatea da (zehazki zergatik den jakin ez arren) eta ez inguruko inork (lagunak, familia, irakasleak€) bultzaturiko aukera. Aholku hau edozein ogibideri aplika-tzen ahal zaiola erranen nuke.

Arantzan bizitzeak, lagundu al dizu zure karreran zehar?

-Ez nuke erranen laguntza denik, baina ezta oztopo bat ere. Egia da ikasketak aurrera eramateko herritik kanpo joatea ezinbertzeko izan zela, horrek berarekin hainbat alde on eta txar izanik. Behin gradua amaituta, mediku ogibidean herriko bizitza ezagutzeak bai eta hirian bizi izanak (ikasten ari nintzen bitartean) pertsona ezberdinen bizimoduak eta izan ditzaketen arazoak ulertzen lagundu didala uste dut.

Deskribatuko zeniguke zure mediku izateko ibilbidea?

-Behin MIR azterketa gaindituta (espezialitatea hartzeko eta osasungintza publikoan lan egiteko nahitaezkoa) Familia eta Komunitate Medikuntza espezialitatea hartu nuen, 4 urteko espezialitatea dena. Orain erresidentziako 3.urtean nago. Egoiliarra izanik, gure formakuntzan lau urtez espezialitate ezberdinetan ibiltzen gara lanean, eta ikasten; gero jakintzak osasun etxean aplikatu ahal izateko. Bertzalde 24 orduko guardiak ospitaleko urgentzietan egiten ditut.

Atzera bueltatzerik bazenu, berriro medikuntza ikasiko al zenuke?

-Uste dut baietz, baina ez dut guztiz argi. Guztiz ezberdina den bertze lanbide bat hartu izan banu ere, adibidez filosofia, profesional bezala osatua senti nintekeela uste dut.

Itzuli gaitezen Arantzara€ Zure ustez asko aldatu al da eskola zu bertan zinenetik?

-Bai, aldaketa nabaria da. Urte gutxiz teknologia garapena handia izan da eta horrek ere eragina izan du irakaskuntzan. Metodologia aldaketak egotea garrantzitsua da, eta hori onerako dela uste dut. Gainera nahiz eta ikasle kopurua nire garaian baino handiagoa izan, arantzan irakasle-ikasle arteko gertutasuna manten-tzen dela uste dut horrek dakarren onurarekin.

Nola eta non ikusten duzu zure burua hemendik 5 urtera? Bestelako ametsik baduzu?

-Hemendik 5 urtera ez dakit zehazki non egonen naizen, Euskal Herrian ziurrenik, baina ez dakit non. Nire ametsetako bat urte batzuk kanpora joan eta bertzelako errealitateak bizitzea da; adibidez, Hego Ameriketan bizitzea gustatuko litzaidake. Covid-19-a kontrolatzea lortzen dugunean, Tailandiara bidaiatzea gustatuko litzaidake, bidaia hau bertan behera geratu baitzitzaidan 2020ko apirilean.