"Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala ematea". Hori izan zen Korrika Kulturala jaiotzeko arrazoia, eta helburu horrekin darrai AEK-k antolatutako egitaraua. Atzo aurkeztu zuten lasterketa lagunduko duten emanaldien 22.edizioa Derion eta Asier Amondo Korrika arduradunak azaldu zuenez, "trantsiziozko" urtea izango da aurtengoa.

Izan ere, hemendik aurrera, "Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia bekarekin taxutuko dugu. AEK-k lan bat sarituko du bi urterik behin; euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute", Amondoren hitzetan.

Dozenaka emanaldi

Urtero lez, Loraldia Festibala izango da, beste behin ere, Korrika Kulturalaren "bidelagun", eta Hautsi da Anphora ikuskizuna beren aurtengo ediziorako proposamena. Ruper Ordorikaren azken proiektua, Bernardo Atxaga eta Mugalaris taldearekin elkarlanean egina.

Prentsa-agerrialdian Amaia Ocerin Loraldia Festibaleko ordezkariak aurreratu zuenez, Euskal Herriko sei udalerritan ikusi ahalko da Hautsi da Anphora: Senperen, Iruñean, Bilbon, Eibarren, Gasteizen eta Oreretan.

Horrez gain, aipatzekoak dira ere, atzoko agerraldian azpimarratu zutenez eRRe eta Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanak. Lehenengoa, Lanku kultur zerbitzuen eskutik, Haizea Arana, Leire Vargas, Aner Euzkitze eta Oihana Aranak antzeztuta; eta bigarrena, Horman Poster kolektiboak moldatutako klasikoaren bertsio librea, zeinaren lagin txiki bat ikusteko aukera eskaini zuten atzoko aurkezpean, Xanti Agirrezabala aktorearen eskutik. Agenda osoa kontsulta daiteke korrika.eus webgunean.

Herriz herriko eskaintza

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoena Kulturalaren Menua-n datza; hau da, herriz herriko emanaldi kulturalak programatzeko AEK-k osatutako katalogoa.

Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak Asier Amondorekin batera aipatu zuenez, "harago joan nahi izan dugu aurten", eta horrexegatik hain zuzen ere, Korrikaren webgunean Menua izeneko baliabidea txertatu dute, hau da, 22. Korrika Kulturalaren baitan antola daitezkeen ekintzen katalogoa, "udalerri orori irekia".

Modu horretan, Menuan topa daitezkeen artista eta ikuskizunen adibide da Eñaut Zubizarreta Trigger musikaria; atzoko aurkezpenean parte hartu zuen artista. Hala, batzordeek ere ikusgai izango dituzte aurten eskaintzen diren emanaldi ezberdinak

Menuaren gaineko informazio guztia korrika.eus-en topa daiteke, "Kulturala"izeneko atalean. Horretaz gain, webguneak Korrika Kulturalaren aterkian programatuko diren ekitaldi guztien berri ere jasoko du, "Agenda" atalean.

AEK-ren beka ardatz Aurtengoa 22.edizioa izango da, baina trantsiziozko urtea ere. Euskal sortzaile orori zabaldutako AEK-ren bekak markatuko baitu hurrengo urteetako programa.

Modu horretan, lan bat sarituko du bi urterik behin; eta jarritako baldintza bakarra hurrengoa izango da: diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan beharko dute.

Gauzak horrela, 23.edizioaren ardatz izango den lana beraz, aurtengo proposamenen artean aukeratuko dute, jadanik jasotako lanen artean, epaimahaiaren esku daudenak. Hala, apirilean emango dute bekaren irabazlearen berri.