Euskara batuaren hegiak
Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak "Euskara batuaren bigarren jaiotza" bere azken liburuaz hitz egin zuen atzo. Lan honetan euskara batuak dituen gabeziei konponbide bat ematen saiatzen da, hizkuntza osoa, lehiakorra eta nazionala izan dadin.
Euskara batuaren ametsa gauzatu eta 42 urtera astindu bat eman behar zaio. Hori da behin-tzat Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak planteatzen duena Euskara batuaren bigarren jaiotza bere azken liburuan. Egindakoa erdeinatu gabe eta hizkuntzak dituen abantailak galdu barik, egile bizkaitarrak bide berriak arakatzea proposatzen du, euskara batuak oraindik dituen gabeziak gainditzeko edo bideratzeko. Dioenez, mende hasiera honetan batuak bigarren sortze bat behar du osoa, lehiakorra eta nazionala izan dadin. Horixe azaldu zuen atzo Iruñeko Hizkuntza Eskolan izandako hi-tzaldi arras interesgarri batean.
Euskara idatziarekin lan egiten duen edonork -esan zuenez, hauek baitira horrelako hutsuneak topa daitezkeenak- egin dezakeen gogoeta batetik jaio zen Amurizaren saiakera hau. "Zergatik euskaraz idazten dudanean jo behar dut hainbeste aldiz hiztegira? Erdaldunek ez dute horrenbeste jotzen", esan zuen. Hortik abiatuta, Amuriza euskara batuaren mugak aztertzen hasi zen aspaldi, orain 20 urte inguru, eta udaberrian Euskara batuaren bigarren jaiotza liburuanisaltu zituen bere hausnarketen ondorioak. Betiere kontuan izaki euskarak beste abantaila asko dituela eta gogoeta hauek hizkuntza idatziaren adierazteko gaitasuna hobetzeko egiten dituela. Liburu oso bat hitzaldi batean laburtu ezin den arren -atzoko hitzaldia bi ordu baino gehiago luzatu bazen ere-, atzo euskara batuari ikusten dizkion hutsune nagusiez hitz egin zuen. Liburuan bezala, hauek hiru zatitan banatu zituen atzo: erlatiboaren erabilera, aditzaren konplexutasuna eta hiztegiaren gabeziak.
erlatiboaren erabilera
Arazoari aurre egin behar
Lehen atalari dagokienez, euskara batuaren erlatibozko esaldiek dakartzaten arazoei erreparatuz, Amurizak zenbait proposamen luzatu zituen problema hauek gainditze aldera. Hasteko, Amurizak esan zuen historian zehar euskaldunok arazorik gabe erabili izan dugula erlatiboa hainbat modu ezberdinetan inongo problemarik gabe, ahozkoan zein idatzizkoan. Adierazi zuenez, oraindik ere erlatibozko zenbait esaldi arazorik gabe erabiltzen jarraitzen dugu. Alabaina, badago buruhausterik sortzen duen esaldi motarik eta, bere ustez, okerrena da sahiesten ditugula gaiari soluzio bat bilatu beharrean.
Amurizak azaldu zuenez, erlatibozko esaldi murrizgarriak dira korapilatsuenak euskaraz. Esan zuenez, arazoa este es el amigo con el que vivo ahora-ren moduko esaldiekin sortzen da. Euskaraz hori erraz esaterik ez dagoenez zera esan ohi dugu: hauxe da nire laguna, berarekin bizi naiz orain. Erlatibozko esaldia sahiesten da, beste era batean erraz esateko. Amuriza horren kontrakoa da: "Ezin dugu zenbait esaldi ekiditen ibili konponbiderik ez dugulako". Eta berak beste moduko esaldiak proposatzen ditu: Hauxe da orain berarekin bizi naizena. Argi erakutsi zuenez honen moduko esaldiak erraz erabil daitezke deklinabideko edozein kasutan eta sahiesteko ala erabiltzeko aukera emango lukete. Horrekin batera, Amurizak "erlatiboarekin atzera goazela" dirudiela esan zuen, gero eta gutxiago entzuten baitira bizi naizen etxea-ren moduko beti erabili izan diren esaldiak. Bere proposamena luzatutakoan, esan zuen pozik hartuko lituzkeela hobea litzateen soluziorik erlatibozko esaldi horietarako.
aditzen konplexutasuna
"Aditzaren fantasia heroikoa"
Era deigarrian bataiatu du Amurizak bere liburuan aditzari utziriko atala: aditzaren fantasia heroikoa. Izan ere, erlatibozko esaldien kasuan ez bezala, zaila da euskal aditzari soluzio onak ematea inguruko hizkuntzak bezain lehiakorra izan dadin. Azaldu zuenez hizkuntza ida-tziarekin lan egiten duenak bi arazo aurkitu ohi dizkio euskarazko adi-tzari: luzea eta zaila da. "Hizkuntzarekin lanean dabilenak laburtzeko premia ikusten du askotan. Publi-tzitatean, kazetaritzan, kantetan eta hainbat egoeratan aditz laburragoen premia behar dugu", esan zuen.
Ahozkoan premia horren nabarmena ez den arren, elipsiaren erabilera asko hedatu da aspaldi aditzaren izaera luze hau dela-eta. Horregatik esaten dira ongi esan beharko (ongi esan beharko dugu esan beharrean), diru ezean bizitzea jai (jai duzu bizitzea esan barik) eta horrelako esaldiak. Dena dela, elipsiaren erabilera ontzat jo arren, esan zuen "narrazoian ezin dela sistematikoki erabili". Eta horregatik proposatu zuen galtzen ari diren aditz trinkoak berreskuratzea. Esan zuenez, lehiakorragoa da esatea netorke, etorriko nintzateke baino, edo dakusatikusten dut baino. "Ez dut egun batetik besterako iraultza planteatzen, ezta maila guztietan egin beharrekoa, baina ezin dugu bakarrik erabili aditz perifrastikoak, ez dira lehiakorrak", azaldu zuen.
hiztegiaz
Argia eta bereizia
Azkenik, bere hitzaldiko hirugarren atalean euskara batuak hiztegi mailan dituen arazoez hitz egin zuen. Amurizak inguruko hizkuntzen maileguak hartzearen alde egin zuen apustu argi eta garbi. Bere ustez euskarazko hitz batek esanahi argi eta bereizia ez duenean, ondoko hizkuntzetako mailegua hartu beharra dago. "Askozaz boteretsuagoa den ingelesean egiten badute, nola ez dugu geuk egingo", esan zuen.
Ildo horretan, Amurizak zenbait adibide ipini zituen, arras argigarriak, eta erakutsi zuen nola inguruko hizkuntzetan konplexu gutxiago dituzten maileguak hartzeko orduan. Horrela, gure hiztegietan gaztelaniazko ambición hitza definitzeko hamaika aukera dauden bitartean, ingelesez, frantsezez edo portugesez pare bat baino ez dago (erro berberekoak), bakar bat ez dagoenean.
Eta horri lotuta garbizaletasunak euskarari egin dion minaz hitz egin zuen. Horixe ba, h-aren inguruko eztabaida eta 40 urtera, galderak bestelakoak dira: Zer da zehatzagoa anbizioa esatea edo handinahia?