Durango
Autoekoizpena. Horixe da Durangoko Azokan behin eta berriz errepikatu den kontzeptuetako bat, bai literaturari eta batez ere musikari dagokionez. Gero eta artista gehiagok hautatzen dute bide hau euren sortze-lanak kaleratzeko, internetek eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera anitzez baliatuta. Iritzi horretakoa da Rafa Rueda abeslaria. Azokan salgai duen Enaren geometria, bere poltsikotik merkatura atera duen bere bigarren lana da, eta pozik azaldu da orain arte jasotako emaitzekin. "Egoerak behartuta hartu nuen erabaki hau nolabait -azaldu du-, gaur egun disko-dendak ia ez dira existitzen, eta argi dagoena da internet munduari begira dagoen leiho bat dela".
Izan ere, Enaren geometria ez da dendetan salgai, eta bakarrik eskuratu daiteke kontzertuetan edota musikariaren webgunean (rafarueda.net). Eta Durangoko Azokan, jakina. Rueda atzo izan zen Ahotsenea aretoan, bere diskoaren gorabeheren berri emateko. Horrez gain, Txus Aranbururen laguntzaz, kanta sorta baten bertsio akustikoa eskaini zion zuzenekoez gose zen jendaurreari. Bere ostean, Berri Txarrak eta Su Ta Gar taldeen txanda heldu zen, eta horiekin gazte eta ez hain gazteen iskanbila rockeroa. Lehenengoek Haria albuma aurkeztu bazuten, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak hizpide izan zuten bere estudioko bederitzagarren lana (Ametsak pilatzen, 2011). "Gure lehen aldia da Ahotsenean, eta pozik gatoz diskoa aurkeztera", aipatu zuen Bastidak.
Mikel Markez abeslaria ere estreinatu zen atzo Ahotsenean. Hala ere, ez zuen Hiri hartan izan zen bere azken laneko kanturik interpretatu, grabaketaren nondik-norakoen berri eman baitzuen. "Diskoa jendaurreari azaltzeko gogoa daukat, egunotan oso erritmo bizian dabil Ahotsenea, eta patxadaz abesteko aukerarik ez dela irizten dut, nahiago dut solasalditxoa lasai egitea", arrazoitu zuen.
Hizketaldian, diskoaren "tranpa" argitu zuen. Hiri hartan izan zen izenburua badarama ere, Markezek dio ez duela hiri konkretu bati erreferentzia egiten, "hiri bati eta guztiei" baizik. "Izan daiteke Bilbo, Gasteiz, Londres edota Buenos Aires". Era berean, amodiozko istorio bat "eta guztiak" biltzen ditu lan honetan, bertsoak, poemak eta musika tartekatzen dituenak, hainbat egileekin batera (Erramun Martikorena eta Uxue Alberdi, kasu). Disko unibertsala ote den galdetuta, Markezek barre egiten du lehendabizi, eta ostean gaineratu: "Leku guztietan entzun daiteke, bai...".
Ahotsenean, Landako gune nagusiaren baitan nahiz kanpoan, Durago musikaz blai dabil egunotan. Baina zein liteke Azokaren soinu-banda perfektua? Su Ta Gar taldeko Xabi Bastidak une batez pentsatzen du erantzun aurretik, eta zalantzan egon ostean, bere errepertoriotik hartzen du ideia: "Gure abestia Ekaitza eta barealdia aproposa delakoan nago, horrela baita azoka: momentu lasaiak eta kañeroak dituena, hain zuzen".
Mikel Markezek, berriz, klasikoetara jotzen du zuzenean. "Nik uste Beñat Etxepareren Euskara jalgi hadi plazara oso egokia dela, azokaren filosofiarekin bat egiten baitu", proposatu zuen. Bere aldetik, Rafa Ruedak ez du izenik zehazten, baina badaki "zerbait txalaparta-tsua, mugimendu handikoa" izan beharko lukeela. Berak aipatu ez duen arren, bere azkeneko abestietako batek, Egun eder honetan, azokari letra aproposa jarri liezaioke: "Gaur dirudi bizitzak baduela atseden. Benetako plazerak, indarra hartu dezadan (...) Arnasa hartu dezaket egun eder honetan...".