Síguenos en redes sociales:

Antropologia, albaitaritza eta euskal ipuingintza

Euskaltzaindiak hiru liburu berri aurkeztuko ditu Saran; tartean, Txomin Peillenen ‘Albaitaritza idazlanak’

Antropologia, albaitaritza eta euskal ipuingintzaJavi Colmenero

donostia - Euskaltzaindiaren presentziak pisu handia izan du beti Pazko Astelehenez ospatzen den Sarako Biltzarrean. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu. Batetik, Pierre Dourisboureren Bahnar deitu Salbaiak liburuaren edizio berria. Les Sauvages Bahnars Dourisboure apaiz misiolari beskoiztarrak idatzi zuen 1870ean, gaur egungo Kanbodia, Thailandia eta Laos Estatuek osatzen duten lurraldeetako Bahnar jendearen ezaugarriak deskribatuz. 1929an, Jean Elissalde Zerbitzari Azkaineko idazle eta euskaltzainak liburu hau euskarara itzuli zuen Bahnar deitu Salbaiak izena emanez. Orain, Zerbitzari-ren itzulpen honen beste edizio bat aurkezten da.

Akademiak Saran aurkeztuko duen bigarren liburua Txomin Peillenek idatzitako Mongongo Dassanza. Albaitaritza idazlanak (1692-1892) da. 1690 inguruan, nekazarientzako abere sendakuntzako liburua idatzi zen lapurteraz. Egilea Donibane Lohizuneko kimikari bat zen: Mongongo Dassanza. Dassanzaren liburu osoa ez da aurkitu, bai ordea liburu hau oinarritzat hartuz idatzi ziren lau idazlan. Peillenek idazlan hauetan ematen diren animaliak senda-tzeko errezetak bildu eta ordenaturik ematen ditu.

Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942 da hirugarren lana, Iker bildumaren barruan argitaratu dena. Natalia M. Zaïkaren tesia da, eta euskarazko ipuin batzuen hurbilketa testulogikoa eta konparatiboa eskaintzen du. - N.G.