Euskal kultura pozarren lehertu zen atzo Durangoko Azokaren 57. edizioaren irekierarekin. Azokak modu heroikoan eutsi die pandemiaren bi urteei eta erakusleiho garrantzitsua jarraitzeko apustua egin du. Atzo goizean, irekiera ekitaldian, eguneko protagonista nagusiak Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako ikasleak izan zirela esan daiteke.

Covid-19ak behartutako geldialdiaren ondoren, Ikasle Goiza ospatu ahal izan zen. Antolatzaileek hainbat tailer eta programazio zabala prestatu zituzten kultura gazteei hurbiltzeko helburuarekin. Izan ere, ez luke zentzu handirik izango zure herriaren kulturaren alde egiteak, kultur sorkuntzaren erreleboa eta kultura kontsumitzeak dakarren gozamen eta aberastasuna jasoko duen gazteria hori gabe. Beraz, Durangoko Azoka apustu handia egiten ari da euskal gazteak kultura mailan murgiltzeko.

Zentzu honetan, Ikasle Goiza eta kultur eskaintzaz gain, PortaDA! erronka antolatu zen atzo berriro. Ildo horretatik, Azokan, euskaraz jarduten duten musika taldeak eta euren diskoak ezagutzeko helburuarekin eta gaztetxoen sorkuntza sustatuz, edozein garaitako diskoen portadak izan ziren lehiaketako langaia. Portada horietako irudiak birsortu behar izan zituzten parte hartzaileek, gorputz atalak edota eguneroko objetuak erabilita. Kasu honetan, PortaDA! erronkako lehiaketa Sopelako Ander Deuna Ikastolak eta Laudio Ikastolak irabazi zuten.

Leporaino bete ziren gune desberdinak, Landako Gunean pandemia ailegatu aurretik bizitzen zen giroa berreskuratuta. Barruan, gazteek gehien bisitatu zituzten postuak, musikari eskeinitakoak izan ziren. Bertan, ikasle askok diskoak erosteko eta bere artista gogokoenetako batzuekin hitz egiteko aprobetxatu zuten. Ilarak ere sortu ziren goizean zehar bertan zeuden musika taldeekin argazki bat lortzeko.

Baina aldi berean, tailer ugari egin ziren Azokako hainbat gunetan banatuta. Hauen artean Egin zazu zure komikia, Literakzioa, Antzerki sorkuntza, film emanaldiak, Dadaismoa ezagutzen, Collage tailerra...

Baina gainera, aurten, berrikuntza gisa, irakasleentzat, hezitzaileentzat ere tailerrak antolatu dituzte lehen aldiz. Horrela, hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia antolatu egin zituzten.

Hala ere, sarrera librea zegoen atzo eta asko izan ziren Azokaren lehen orduak galdu nahi izan ez zituztenak. Landako Gunean ETS edo Zetak bezalako taldeak ibili ziren diskak sinatzen, baita idazleak ere, besteak beste, Toti Martinez de Lezea, Azokara urtero joaten dena.

Gazte eztanda!

Gazteei ere zuzenduta egongo da aurtengo beste berritasun bat; bihar Gazte eztanDA! ospatuko da, gazteei begira antolatu den egitarau berezia. Egunean zehar gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu ere. Horrela, 14:00etan gazte-bazkaria egongo da. “Norberak ekarri beharko du jatekoa etxetik, eta gazteek elkarrekin bazkalduko dute”, azaldu dute antolakuntzatik. 17:00etan jinkana antolatuko du EuskarAbentura ekimenak Euskal Herriko gazte ezberdinen artean (izena eman daiteke Azokako webgunean); eta 19:00etan elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetatik, ElektroPottotte eta OstiKda taldeen eskutik.