Jokai taldeak bere lehenengo ikuskizuna oholtzaratuko du gaur Sanduzelaiko Civivoxean, 19:30ean, Iruñeko Udalak antolatutako Piztuta! Euskal kultur begirada zikloaren eskutik. Mugarri izenburupean, antzerkia eta musika eskutik doaz mugak gainditu nahi dituen emanaldi batean. Jabier Leoz taldeko zuzendariak azpimarratu bezala, “mugan gertatzen diren istorioak zutabe hartuta, ahozko transmisioan oinarritutako ondare inmaterialaren parte diren esperientziak berreskuratu, balioetsi eta zabaldu nahi ditu emanaldiak”.

Bertan kontatzen diren istorioak iraganaren parte badira ere, gaurkotasunari estuki lotuak daudela nabarmendu dute egileek: “Gaur egun milaka pertsonak bizi duten dramaren isla da, ez bakarrik gure mugan, baita munduan zehar altxatzen diren hainbat eta hainbat mugetan ere”. Hala, emanaldiak bi trama nagusi izanen ditu: alde batetik, Ibardineko kaskoan duen bordatik gertakari historikoei so egiten dien Maria artzainarena, zeinen begietatik Espainiako Gerra Zibila, gerraostea eta II. Mundu Gerra atzemango diren; eta bestetik, Kontxi alabarena, borda benta batean bilakatuko duena eta migrazioa zein mugaren bueltan bizi diren biztanleen egunerokotasunari buruz hitz egiteko baliatuko dena.

Taldearentzat ere mugarri bat bada ikuskizuna, beren lehenengo proiektua izan baita. Leozek eta Jon Artolak 2021ean Lekunberrin sortutako konpainia, bertako eszena iraultzeaz gain arte eszenikoen diziplina desberdinak uztartuz bide berriak ikertzea helburu duen proiektua da Jokai. Hartara, Mugarri ikuskizuneko lantaldea, Leozekin batera, Tere Sarriguren aktoreak, Maitane Urbizu eta Julen Lezaun abeslariek, Julen Lezaun biolin-jotzaileak, Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaileak, Cecilia Moreno gitarra-jotzaileak eta Sergio Lamuedra txalapartariak osatzen dute.

Piztuta! zikloaren eskutik bestelako emanaldiak ere egonen dira asteburuan zehar. Larunbatean magia izanen da protagonista, bi saiorekin: goizean, 10:30ean, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako lantegia Juslarrocha Civivoxean; eta arratsaldean, 18:00etan, Walas magoaren Osaba Patxikuren etxe zaharra magia-ikuskizuna. Igandean antzerki musikalaz gozatzeko aukera izanen da, doan, Sanduzelaiko Civivoxean, 12:30ean: Lari Produkzioak taldeak Zaintzaren dantza antzezlana taularatuko du.