‘RIP, azken musikala’, heriotzaren inguruko komedia gotikoa
atarrabiako kultur etxean estreinatuko da gaur demode produkzioak taldearen musikal berria, 20:00etan
Lanbroa hilarrien artetik zabaltzen doa, geldo baina etengabe. Gau itxia den arren, ilargi beteak nahikoa argitzen du hilerriaren erdian dagoen kolunbarioa atzemateko. Haren atzetik beleak sumatuko ditugu, bi zehazki, baita beste hiru pertsonaia bitxi ere: ehorzle zaharra dirudi batek, haren ondoan laguntzaile gaztea. Hirugarrena ez dakigu bizirik ala hilik ote dagoen, itxuragatik pentsa genezake bizidunen artetik ospa egin duela dagoeneko… Berak ere akaso ez du argi edukiko. Eszenak ezinegona sortuko liguke oholtza gaineko muntaia bat dela jakingo ez bagenu. RIP, azken musikala obrarena, hain zuzen ere, Atarrabiako Kultur Etxean egindako egonaldi artistikoa baliatuta Demode Produkzioak konpainiak osoki ekoiztu duen musikal berria, taldekideek definitu bezala, “komedia gotiko bat”.
Musikatik hasi, aktore lanetatik pasa eta liburuxkaren idazketaraino, dena joan da Demode Quartet taldeak sortutako ekoiztetxearen eskutik. Patxi Barcoren zuzendaritzapean, Joli Pascualena eta Iker Huitzi aritu dira aktore lanetan, aurreko beste produkzioetan ere ondoan izan duten Xanti Korkostegirekin batera. Benetako istorio eta kontakizunetatik abiatuta heriotzaren bueltan barreak zein hausnarketak piztuko dituen musikala hondu dute, betiere umorea, absurdoa eta, batez ere, musika izango dituena tresna nagusi. Estreinaldia euskaraz izango da, gaur bertan, arratsaldeko 20:00etan Atarrabiako Kultur Etxean, eta sarrerak eskuragarri daude bertako leihatilan zein webgunean.
“Egia da komedia bat dela”, azpimarratu du Pascualenak, “baina bizitzan gertatzen den bezala, komediaren erdian emozioa, hunkidura ere sortzen da. Eta horretatik asko du obra honek”. Huitziren hitzetan, Barcoren eta Carlos Zabalaren artean idatzitako testuak “umorearen eta emozioaren arteko oreka” hori lortzen du. Lurperatzaileak, beleak eta mamuak elkarrekin bizi diren hilerri batean, Jonek, ikasle gazte batek, Brauliorekin, erretiroa hartzeko zorian dagoen ehorzle beteranoarekin, hasiko du bere lehen laneguna. Hilobietan bizi direnen istorioen bidez –ezinezko maitasunak, zentzugabeko heriotzak, heroi anonimoak eta ahaztutako tragediak–, Jon ohartuko da bere lanbidea ez dela soilik lurperatzea, baizik eta bertan lurperatuta dauden pertsona horien oroimena gordetzea. Umorearen, musikaren eta gogoetaren artean, hilerria bizidunen ispilu bat bezala agertuko da, non heriotza ez den amaiera, galdera ireki bat baizik.
Ehorzle gaztearen papera egiten duen Korkostegiren hitzetan, izan ere, “oraindik ere tabua da heriotza, asko kostatzen zaigu honen inguruan hitz egitea”, eta hain zuzen ere hor jartzen du begirada obrak. Pascualenaren pertsonaiak, hilerrian bizi den mamu batek, ematen dio musikalari umore eta erokeria puntua, harekin batera bizi diren bi beleekin batera. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak jarri dizkiete ahotsa bi animaliei, Huitziren hitzetan “ohore bat” izan dena.
Ikuskizunaren oinarri diren istorioak “guztiz egiazkoak” direla nabarmendu dute pertsonaia andana gorpuztuko dituzten hiru aktoreek, “nahiz eta askotan irudimenetik sortuak diruditen”. Benetako istorio horiek abiapuntu gisa balio dute, umoretik edo emozio sakonenetik, gai eztabaidagarriak jorratzeko, tartean intolerantzia, aurreiritziak, gerren zentzugabekeria edo faxismoaren gorakada.
Ekoizpen txiki bat izateko asmoarekin abiatu bazen ere, RIP, azken musikala eraiki ahala handitzen joan den sorkuntza bat izan da. Espazio eszenikoaren diseinua eta erabilera dira horren gako nagusiak, Asier Sanchoren eskutik joan direnak. Hiru pantailaz osatutako kolunbario batek, elementu sinboliko gisa funtzionatzeaz gain, ikuskizunaren unibertsoa zabaltzen du ingurune narratibo desberdinetan eraldatuz, izan gudu-zelai, telebistako plato edo XIX. mendeko paisaia. Argiztapenari eta ikus-entzunezkoen diseinuari dagokionez, David Bernuések egin ditu.
Urrats berri bat euskarazko musikalen sorkuntzan
RIP, azken musikala-k ale bat gehitzen dio Demode Produkzioak konpainiak 2017an hasitako bideari. Demode Quartet a capela musika taldeak abiatutako ekoiztetxeak orduan ekin zion bestelako musika ikuskizunak sortzeari, beste profesional batzuekin lankidetza sustatu eta publiko zabalagora iristeko asmoarekin. Ordutik, hainbat izan dira ekoiztutako obrak, horietako asko musikalak edo musikarekin lotutakoak.
Baino batez ere Kutsidazu bidea, Ixabel musikalarekin lortu zuen taldeak bultzada nabarmena, izan ere 2021eko musika ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen, hurrengo urteetarako ekoizpen eta sorkuntza proiektu berrien alde jarraitzezko indarra eman ziena. Orduko hartan protagonistaren papera egin zuen Korkostegik azpimarratu bezala, bide honetatik Demode Produkzioak konpainiak “aurrekari bat ezarri dute euskarazko musikalen produkzioan, existitzen ez zen industria bat sortuz”. Beste proiektuen artean, 2023ko martxoan Afinatzaile artistiko eta sortzailea jarri zuten abian, sortzaile hasiberriei beren lehen edo bigarren ekoizpenen amaierako prozesuetan laguntza eta aholkularitza artistikoa emateko.
Gaur estreinatuko den obrak emanaldi bakarra du aurreikusita oraingoz. “Udaran gaztelaniazko bertsioarekin jarriko gara”, adierazi du Pascualenak, “eta urritik aurrera jarraituko du bere bideak, nahiz eta oraindik ezin ditugun data gehiagorik zehaztu. Uste dugu, hori bai, ibilbide oparoa izango duela”.
Obra aberasten jarraitzeko asmoa ere badu Demode Produkzioak-ek, zuzeneko musikari dagokionean batez ere. “Gure erronka, orain, izango litzateke hiruzpalau musikarirekin zuzeneko musika eduki ahal izatea, mamu banda moduko bat eraman ahal izatea gurekin. Hori izango litzateke gure ametsa”.
Temas
Más en Cultura
-
Amaia Romero revoluciona el verano con su nueva canción: sensibilidad, emoción y un sonido renovado
-
Agenda cultural y de ocio para el fin de semana en Navarra: 26-28 junio
-
Qué hacer y qué ver en Navarra y en Pamplona. Agenda cultural
-
'El archivo es ahora': mujeres que trabajan con la imagen en Navarra protagonizan una acción colectiva