euskara

Euskarak piztu du abentura

Uztailaren 1etik 30era egingo da EuskarAbenturaren bigarren espedizioa, Mauletik Getxora. Euskal Herriko zein diasporako 120 gazte batuko ditu egitasmoak, euskararen erabileraren inguruan sakondu eta haien arteko harremanak saretzeko helburuz

07.02.2020 | 20:29
Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Mauletik Getxora arteko bidaia egin zuten iazko uztailean 130 lagunek. EUSKARABENTURA

Uztailaren 1etik 30era egingo da EuskarAbenturaren bigarren espedizioa, Mauletik Getxora

Euskararen ezagutzak aurrera egin bitartean, haren erabileraren inguruko kezka piztu zitzaien euskalgintzaren inguruko zenbait pertsonari. Ideia horri tiraka,  iaz burutu zuten lehenengoz EuskarAbentura espedizioa. Lurralde bat benetan ezagutzeko ez dago bide hoberik oinez ibiltzea baino. Hizkuntza, paisaia, izaerak... horiek denak bertatik bertara adi-tzea eta ikustea bezalakorik ez dago Euskal Herrian barneratzeko.

Hori da EuskarAbentura: 483 kilometro oinez eta orotara 783 km Euskal Herrian zehar, hilabete batez euskararen erabilera sustatuz, euskaldun gazteen sarea sortuz, Euskal Herriko txoko ezberdinak bisitatuz eta hizkuntzaren garrantziaz kontzientzia piztuz. Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, Mauletik Getxora arteko bidaia egin zuten pasa den urteko uztailean 130 lagunek. Iazko espedizioaren balorazio onaren ondoren, bigarren edizioa jarriko dute martxan datorren uztailean, 2002. eta 2003. urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta. Errioxako Yuso monasterioan agertutako euskararen lehen glosetako bat hartu du EuskarAbenturak lelo bezala, Jzioqui dugu: "Piztuko dugu. Ez gaitu inork laguntzen".

Hazia, Boisen EuskarAbenturaren lehen hazia 2015eko udan landatu zen, txoko ezberdinetako hainbat gaztek Boiseko Jaialdian bat egin ostean, Idahon. Elkartea lau helburu nagusiren bueltan jaio zen: gazteen artean euskararen erabileran eragitea, mundu mailako gazte euskaldunen sarea sortzea; Euskal Herriaren ezagutzan sakontzea; eta balore positiboak lantzea, genero ikuspegia, turismo jasangarria eta ingurugiroarekiko errespetua, besteak beste. Ia hiru urte eman zituzten egitasmoari forma ematen, borondatez, eta haziak fruitu itxura hartu zuen iazko udan, udaleku esperimental gisa.

Egunero goiz esnatu, 20 kilometro inguru ibili, tailer, hitzaldi eta jolas ezberdinak burutu eta herri ezberdinetan lo egin, aterpe batean zein izarren azpian. Horra EuskarAbenturaren dinamika. Iazko ibilbide bera jarraituko dute aurten: Maulen elkartuko dira parte-hartzaileak. Done Jakueko Bide Frantsesa hartuta, Donibane Garazi eta Iruñeatik igaro eta Vianara helduko dira. Hortik Errioxako Donemiliaga Kukulara joango dira, euskarazko lehen idazkiak jasotzen dituen monastegira. Añanako gatzagetara joko dute handik, Barnealdeko Done Jakue bidea alderantzizko norabidean eginez Txingudiraino heltzeko. Baionara joko dute ondoren,  Kostaldeko Done Jakue Bidea egiteko. Gipuzkoa igaro eta Bizkaian barna sartuko dira, Gernika eta Bilbo zeharkatu eta abentura Getxon amaituko da, Bizkaia Zubian. Espedizioko ibilbidaren zatirik handiena oinez egingo den arren, zati batzuk autobusez eta trenez egingo dira.

IZEN-EMATEA ZABALIK  EuskarAbenturaren bigarren espedizioaren parte izateko 2002 edo 2003 urteetan jaiotako gazte euskalduna izan beharra dago, hau da, 16-17  urte bitartekoa. Iaz bezala, hautagaiek lan bat eta motibazio gutuna aurkeztu behar dituzte eta horiek oinarri hartuta herrialde ezberdinetako 120 gazte aukeratuko dituzte abenturarako, Ruta Quetzalen antzera.

Lanen artean, hiru gai ezberdin dituzte aukeran: Maite ditut maite gure bazterrak, Joan-etorriak: migrazioen testigantzak edo Errimak eta erritmoak. Sei formatutan aurkeztu ahalko dira lanak: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta, aurten lehen aldiz, sormen digitalekoak. Eusko Ikaskun-tzak eta .eus Fundazioak ebaluatuko dituzte lanak. Izen-ematea www.euskarabentura.eus webgunean egin behar da, martxoaren 10a baino lehen, eta parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda apirilaren 15ean argitaratuko dute webgunean.

Andrea Abasolo zornotzarra EuskarAbenturaren lehen edizioko parte hartzaileetako bat izan zen. Poz-pozik bueltatu zen etxera: "Lagun piloa egin nituen eta ez nuke egindako txangorik kenduko, denak izan ziren bereziak. Erabat gomendagarria da, eta ahal izanez gero, berriro egingo nuke, dudarik gabe", kontatu du bizkaitarrak. Inor ezagutu barik, bakar bakarrik batu zen Abasolo espediziora: "Hasieran urduri nengoen, baina laster uxatu nituen beldur guztiak. Ni bezala zeuden gehienak, eta monitoreen eta ekintzen laguntzaz azkar egin ginen elkarren lagun".

72 neska eta 38 mutil elkartu ziren iaz, bizkaitarrak gehienak, ia erdia. 23 nafar, 20 gipuzkoar, 14 arabar eta Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherako beste gazte bana ere batu ziren. Euskal diasporatik bi gazte heldu ziren: Washingtoneko bat eta Patagoniako beste bat. "Herrialde guztietako lagunak ezagutu nituen, horietako bi amerikarrak. Galdera piloa egin genizkien: euskaraz zelan dakiten, zergatik...", azaldu du zornotzarrak.

Hizkuntza aberastasuna Partaideak euskararen inguruan bildu ditu EuskarAbenturak, eta gazte adina hizkera ezaguru ahal izan dute parte-hartzaileek: "Azpeitiako, Zuberoako edo Gernikako euskara entzun ahal izan ditut. Dibertigarria izan da lagunak egin ahala hitz berriak ikastea. Gogoan dut askaltzeko madariak ekarri zituztenean nire Azpeitiako lagunak txermena esaten zuela. Uste dut ordutik hitz hori erabiltzen dudala nik ere", kontatu du barre artean zornotzarrak.

Bisitatutako tokietan ere tokiko euskara, ohiturak eta paisaia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute gazteek. Euskal Herriko Gizateriaren Ondareak jarraituz, Baionako katedrala, Ospitalepeko eliza eta Donibane Garaziko Done Jakue atea ezagutu zituzten iaz Iparralden; Ekaingo eta Altxerriko haitzuloak Gipuzkoan; eta Santimamiñe eta Bizkaiko Zubia Bizkaian.

Esparru ezberdinetako aurpegi ezagunek ere lekua dute EuskarAbenturan. Iaz, adibidez, Asisko Urmeneta komikilari nafarra, Patri Espinar pilotako txapeldun usansolotarra, Odei Barroso bertsolaria, Ander Lipus an-tzerkigilea, Piter Ansorena pailazoa, Kike Amonarriz umoregile eta telebista aurkezlea edota Martxelo Otamendi kazetariaren bisitak izan zituzten. "Nire ustez, aukera ezin hobea da Euskal Herria fisikoki zein arlo kulturalean ondo ezagutzeko, giro apartan eta lagun artean gure herria deskubritzeko", azaldu du Andrea Abasolok.

Abenturaren atzean Hilabeteko esperientziak urtetako lana darama atzetik. "Lan ikaragarria dago hau guztia aurrera eroateko, baina ilusio handiarekin heldu diogu", dio Iker Goñik, abenturaren sustatzaileetako eta espedizioko begiraletako batek. EuskarAbentura izen bereko irabazi asmorik bako elkartea Euskal Herriko txoko ezberdinetako 10 gaztek osotzen dute eta espediziorako beste 20 heldu batzen zaizkie begirale lanetan: "Muxu-truk ari gara lanean, kasu askotan lanotan eszedentziak edota oporrak eskatuta. Bizkaiko hiru, Gipuzkoako bi, Arabako lau eta Nafarroako kide bakarra gaude taldean eta Skype bidez moldatzen gara antolaketa lanak egiteko. Oraingoz hauxe da gure zeregin nagusia eta bakarra, EuskarAbentura espedizioa aurrera eramatea", azaldu du Goñik.

Espedizioa egiteak asko eskatzen du, Goñiren esanetan: "Alde batetik, euskaldun gazte piloa elkarrekin harremanetan jartzea. Bestetik, gure herriaren ezagutzan sakontzea, geografia, kultura eta gizateriaren ondareari erreparatuta. Azkenik, halako esperientzietan ematen diren balioak azpimarratu eta bultzatzea, genero ikuspegia, turismo arduratsua eta elkarbizitza", dio begiraleak. "Gurea ez da barnetegi edo udaleku arrunta, espedizio kulturala baino".

EuskarAbenturak espedizio bat piztu du, gazteen garra piztu nahi duen espedizioa, eta hala, gazteek Euskal Herria piztea du helburu. Eta, esan ohi den bezala, gogoz pizten dena, nekez itzaliko da.