Zaintza ereduaz hausnartzen

28.03.2022 | 16:50
Ezaugarririk gabeko maskara erabiltzen dute aktoreek.

'Ama. Edertasun latza' obra estreinatu berri du Marie de Jongh antzerki konpainiak. Elkarrekiko afektuen inguruko istorioa da, gizon baten azaletik kontatuta

Zeinen garrantzitsua den zaintzen zaituen hori zaintzea. Ondoan duzun jendeaz arduratzea eta norbera ere zaindua sentitzea. Pertsonalki asko baloratzen da lan hori, txikitako gurasoen zaintza, aiton-amonena€ Gehienetan emakumeena, hala ere. Oso inportantea izan arren, zaintzaren gaia ez da inoiz plazara atera, barrutik eramaten den zerbait da. Garrantzi handia ematen diogu denek, baina publikoki ez du jasotzen balio hori. Marie de Jongh konpainiaren obrak gaia mahaigaineratu du, merezi duen balioa eta inportantzia emanez.

"Super-antiheroiei buruzko istorioa" da 'Ama. Edertasun latza'. Gizartean superheroitzat ez ditugunak dira protagonistak. Ahultasunez eta beldurrez diharduten heroiak. Hori da, hain zuzen, Marioren kasua. Margolaria da Mario, bere aita bezala, eta aspaldian bizitzak gainezka egin dio. Gurasoen zaintzaz arduratu behar du, zahartzen ari baitira. Nerabezaroan sartzear den alabak ere arreta behar du. Berak ez du inoiz ikasi inor zaintzen eta horri aurre egin behar dio ezjakintasunez eta zailtasun guztiekin. "Erronka bat izango da berarentzat. Obra honetan bidaia bat kontatzen dugu, amaren magalera edo amak sinbolizatzen duen horretara gizon horrek egin beharko duen bidaia", adierazi du Jokin Oregi (Soraluze, 1970) zuzendari eta aktoreak.

Helduentzako obra

Orain lau urte hasi zen Oregi obra idazten. Hasieran haurrentzako ikuskizun bat izateko helburuarekin jaio zen, baina azkenean helduentzako obra bilakatu da. Konpainiak espreski helduentzat egiten duten lehenengo obra da hau, aurretik egindako guztiak umeei zuzendutakoak baitziren.

Obrako aktoreak Ana Martínez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri eta Amets Ibarra dira. Ana Meabe zuzendaritzan laguntzen ibili da eta kanpo begirada Pablo Messiezek eskaini du.

Zero maskara

Aktoreek erronka handia hartu dute lan honetan, izan ere, obran maskara batekin antzezten dute. Zero maskara deitu diote. Honek guztiz baldintzatu du antzezlana, maskarak ez daukalako inongo ezaugarririk, ez begirik ez ahorik ez sudurrik, zeinak humanizatzen duen. Ez da lehenengo aldia konpainian horrelako maskara erabiltzen dutena. Oregik azaldu duenez, asko interesatzen zaio honen erabilera antzerkiari atmosfera berezi bat ematen diolako: "Maskarak istorioa beste modu batean kontatzeko aukera eman digu, zerbait abstraktuagoa eta unibertsalagoa. Jokoan egon da denbora osoan subjektu eta objektuaren arteko dantza etengabekoa". Unibertsaltasunaren harira, ikusleak pertsonaia guztiekin identifikatzeko ahalmena nabarmendu du zuzendariak. Pertsonaiek aurpegirik ez dutenez guztiekin sentitu ahal dira identifikatuak eta adinak, generoak edo jatorriak garrantzia galtzen dute.

Maskara erabiltzeaz gain, Marie de Jongh konpainiaren bereizgarri den bezala, aktoreek ez dute hitzik esaten obran zehar. Gorputzak hartzen du protagonismo osoa eta esaten denaren aurrean, egiten denari ematen zaio garrantzia. Testuinguru honetan musikak protagonismo berezia hartzen du, entzuten den bakarra delako. Adrian García de los Ojos konpositoreak sortu du musika: "Musikak eta musiken artean sortzen den isiltasunaren arteko jokoa oso interesgarria geratzen da", aitortu du Oregik, "emozio bat eransten dio, edo berez jada jokoan dagoen emozio hori areagotu egiten du".

Zuzendaria izateaz gain aktorea ere bada Oregi baina aspaldi ez zen eszenatokietara igotzen. Hogeita bost urte ostean berriro ere antzezten ibili da gipuzkoarra. "Oso pozik nago, lehengo beldurrak gainditu ditudala ematen du. Adinean aurrera egiten dugunean gauza guztiak ez dira txarrerako, hobetzen dira gauza batzuk, beraz esperantzarako aukera dago horretan ere".

Estreinaldia otsailean izan zuten Barakaldon eta jada emanaldi asko dituzte aurreikusita. "Oso pozik gaude obra atera orduko bagenituelako lotuta hogeita bost bat emanaldi eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen du". Euskal Herrian hurrengo emanaldia apirilaren 29an dute, Zornotza Aretoan.

noticias de noticiasdenavarra