BERA - Eman Bortzekoaren baitan, ekainaren 18an Bortzirietan eginen den herri galdeketarako galdera adostu dute eta horren aurkezpena egin zuten larubateanan Berako Beralandetan. Hauxe da bortziritarrek adostu duten galdera: Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?
Eman Bortzekoa elkartea urtarrilean aurkeztu zuten Lesakan, eta horrekin batera erronka haundi batean murgildu ziren: herri galdeketa antolatu eta gauzatzearena.
Aurkezpenaren egun hartatik behar-beharrezkoa zen lehenbiziko prozesua hasi zuten eta herriz-herri sinadurak biltzen hasi ziren. Bi hilabetetan, herriak babesa eman behar zion Eman Bortzekoa elkarteari galdeketa honen antolaketan aitzinera egiteko, “eta denon zorionerako, bortz herrietan behar genituen sinadura kopuruak jaso genituen”, aipatu zuten larunbateko aurkezpenean.
Prozesu honekin aitzinera segituz, galdera zehaztea zen hurrengo urratsa. Apiril hasieran honekin lanean hasi ziren, prozesu parte-hartzaile eta irekia martxan jarriz. Lehenbiziko bilera arrakastatsuan, Gure Esku Dagoko Nafarroako koordinatzaileak prozesu honen nondik norakoak azaldu zituen eta bertaratuek ariketa batzuen bitartez galdera ahalik eta modu zabalenean adosteko beharraz jabetu ziren.
Bilera hartaz geroztik herriz-herri, lagunartean, familian, lankideekin? modu ezberdinetan biltzeko aukera eduki zuten, denen iritziak jaso eta denen proposamenak aditzeko. Azkenean, maiatzaren 4ko azken bileran, nahi zuten bortziritarrak bildu eta galdera idazteari ekin zioten.
Galderak baldintza batzuk bete behar zituen. Denok ulertzeko moduko galdera adostu nahian, bertze herri eta eskualdeetako galdeketekin parekatu nahian, emaitza guztiak metagarriak izan behar zuten, emaitza guztiak batera bildu eta ondorio orokorrak atera ahal izateko.
Noski, herritar guztiek parte hartzea denez helburua, bozkatzaile guztiak eroso sentitzeko moduko galdera bat behar zen, aldeko zen kontrako iritziak dituzten horiek erosotasun osoz bozkatu eta horregatik sentsazio kontrajarririk ez edukitzeko. Azkenik, ondorio bat bilatu behar duen galdera da, galdeketa hau erreferendum bilakatzean baliagarri izateko moduko galdera izan dadin.