Eguraldi onarekin batera iristen da ospakizunen garaia. Nahiz eta urtean zehar asko egiten diren, batez ere eguzkia nagusi izaten den sasoian antolatzen dira ezkontza gehienak. Ezkongaientzako, dudarik gabe, bizitzako une berezienetako bat izaten da eta gonbidatuen-tzako, berriz, ondo pasatzeko eta maitasuna ospatzeko aitzaki aproposa.

Gipuzkoan bertan puntako profesionalak egon badaude, asko hiriburuetan pilatzen dira. Herri txikietan, ordea, ez pentsa ez dagoenik aukerarik. Beasainen kasuan gai honen bueltan alor ezberdinetako profesionalak batu dira eta Xirimiri ezkontzak, euri azpian dantzan elkartea sortu dute bezeroei egun berezi horretan antolatu behar diren eta kontuan hartu behar diren detaile txiki guztiak prestatzen laguntzeko asmoarekin.

Migdala arropa dendako Maialen Olano, Meet me in the North argazkilaritzako Garbiñe Irizar, Karmele Diaz makilatzailea, Mesa Presidencialeko Eli Canales, Hazia lore dendako Haizea eta Maialen Zurutuza, Igartza Monumentu Multzoa kudeatzen duen Aldaba enpresako Aitziber Makazaga eta Tandem Komunikazioko Leire Mendizabal dira bultzatzaileak. Aipaturiko bakoitza espezialista da bere profesioan eta “aukerak zabaltzeko” asmoarekin batu dira egitasmo berri honetan. Ilusioz mintza-tzen dira guztiak, lanbide batean beharrezkoa den osagaia agerian utziz hitz egiten dutenean.

Harremanetan egon izan dira aspalditik, eta asko ezkontza batzuetan ere topatu dira. Azkenean ezkontza batek profesional ugariren beharra izaten du eta elkarren alboan lan egitea tokatzen zaie. “Laguntza” ematea da helburua, eta gerturatzen direnek ikustea zenbat aukera dauden herrian bertan, urrutira joan gabe. “Eduki berriak sortzeko eta erakusteko gai gara”, azaldu dute sortzaileek. Talde lana da, elkarri laguntzeko modu bat baina Xirimiri Ezkontzak elkartearekin harremanetan jartzeak ez du esan nahi profesional guztien zerbi-tzuak kontratatu behar direnik. Xedea herrian dagoen profesionaltasuna balioan jartzea da eta beraiek ere sormena lantzeko aukera izatea.

ezkontzen joera Gizartea aldatzen doan modu berean ezkontzak antolatzeko moduan ere joera ezberdinak agertzen dira. “Gaur egun geroz eta pertsonalizatuagoak egiten dira”, azaldu du Olanok. Guztiek bat egiten dute baieztapenarekin eta uste dute ezkontzen diren pertsonak ezkondu ez ezik, historia bat ere kontatu nahi dutela eta horretarako asko zaintzen direla detaile xumeak. “Adibidez, erramu bat egiterako orduan oso posiblea izaten da ezkongaientzako berezia den loreak jartzea, beraientzako esanahi bat dutenak; ez ausaz aukeratutakoak”, gehitu du Zurutuzak. Berdina gertatzen da lekuekin. Geroz eta gehiago dira esanahi berezi bat duen lekuan ezkontzen direnak, eta soinekoak ere pertsonalizatuak egiten dituztenak. “Azkenean garrantzitsuenak beraiek dira, ezkontzen direnak, eta beraien historia kontatu ahal izatea izugarri da polita”, esan du Olanok.

“Egunero egiten dugun lanaz aparte sormenarekin lan egiten dugunon-tzako asetzeko beste bide batzuk irekitzea lortu nahi dugu, plazer hutsagatik ere lana egitea”, adierazi du Irizarrek. Baina, hori nola lor daiteke? Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, askotan jendeak ikusi duen hori eskatzen du, badakielako gusta-tzen zaiola eta beraz, arriskatzea zailagoa izaten da.

Horri buelta eman eta sormenari bide emanez, beraiek dagoeneko pentsatzen ari dira aukera berrietan. “Sormenari askatasuna eman nahi diogu eta gu ideia berriekin gaude beti. Azkenean gure munduko beste hainbat profesionalekin harremanetan egoten gara eta tendentzia berrietan jantziak gaude”, uste du Irizarrek. Arriskatzea, ordea, kostatu egiten denez, beraiek eman nahi dute aurrera pausoa eta gauza berriak egin, ondoren jendeari erakusteko zer egiteko gai diren. Esaterako, agian norbaitek bere kabuz ez luke pentsatuko zenbait lore nahastea, Igartza Jauregiaren antolaketari itzuli bat ematea edo ohikoa ez den soineko bat eskatzea. Beraiek izango dira nahi horiei aurre hartu eta emaitza erakutsiko dutenak.

gertutasuna Gauza txikietan dago emaitza handien gakoa. Egunero lan horiek egiten duenak ondo ulertuko du esaldia. Eta Xirimirikoen iritziz hori oso garrantzitsua da. “Bezeroa ezagutzea behar beharrezkoa da”, dio Makazagak. Bere kasuan Igartza Jauregia kudeatzen du eta gauzak antolatzearen beharra nabarmendu du, izan ere, lekuak berak ere asko muga-tzen du ezkontza mota eta ezkontza motaren arabera, era berean, lekuaren antolaketa aldatu egin daiteke.

Ezkongaiak dira protagonistak eta horretan guztiek bat egiten dute. Azkenean beraien egun handian gustura egotea da lortu nahi dena, eta beraiek diren bezalakoak agertzeko aukera izatea. Arroparekin, esaterako, errazagoa da ulertzen. “Pertsonaren autentizitatea islatzen saiatzen naiz beti. Horretarako hartu-emana oso garrantzitsua da, beraiekin konektatzeko errazagoa delako”, gehitu du arropa diseinatzaile zaldibiarrak. Eta argazkiekin, zeresanik ez.

Askatasuna ere ezinbestekoa da profesional hauentzat. “Sortzaile garen heinean saiatzen gara guk ere askatasuna mantentzen, guk ikusten dugun hori egin ahal izateko, eta egia esan oso zortekoa sentitzen naiz, izan ere, landu ditudan ia ezkontza guztietan utzi didate nire sormena garatzen eta guretzako hori ideala da”, berretsi du argazkilariak.

Orain urtebete pasa ondu zuten ideia eta elkarri denbora tarte honetan asko lagundu direla onartu dute. Azkenean, gai berdinaren inguruan aritzen dira lanean halakoetan, eta bestearen ikuspuntua ezagutzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen die, eta eboluzionatzen jarraitzekoa ere bai.

Oraingoz nahiz eta ezkontzak batu dituen guztiak aurrera begira ate berriak zabaltzen jarraitu nahi dute. Esaterako, etorkizunean edonolako ekitaldiak antolatzeko prest daude, hasi egun berezi eta urteurrenetaraino iritsiz. Bezeroa gustura gelditzea, bere barneko esentzia ikusgai utziz. Eta ez daude itxita: “Ezkontzekin hasi gara, baina pentsa zenbat gauza dauden ezkontza batek biltzen dituenak. Adibidez, oraindik ez dugu taldean zapatak egiten dituen inor, eta gizonezkoen arropak edo bitxitegiak”, azpimarratu du Olanok. Irekita dagoen taldea da eta interesa duen edonor jarri daiteke beraiekin harremanetan xirimiriezkon-tzak@gmail.com helbidean. Sektoreko punta puntako jendea aurkituko dute bertan, egun bereziak oraindik bereziagoak egiteko gaitasuna duena.