Bi urte ezin ospatu iragan ondotik, Baztanen Baztandarren Biltzarra giroa sumatzen da, eta elkarteak ere dena prest du heldu den igandeko bestarako. Astelehen arratsaldean emandako prentsa agerraldian igandekoari buruzko xehetasunak aletu zituen.

Orgen desfilea irekitzeko ohorea Amaiurko herriak izanen du. Aurten 500 urte betetzen dira Amaiurren, 1522an, Nafarroako erreinua berreskuratzeko azken saiakeren ondoren gaztelu beltza suntsitua izan zenetik. Hortaz, urteurren garrantzitsu hau gogoan, Amaiurko herria izanen da banderekin desfilea irekiko duena.

Desfilean, urtero bezala, Euskal Herriko txoko desberdinetako dantza taldeek parte hartuko dute, baita Baztan eta inguruko zenbait dantza talde eta musikarik ere. Aurten, berezitasun bezala ezpata dantzariak ere izanen dira desfilean, Amaiurko guduaren nolabaiteko keinu gisa. 

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek ere nabarmendu nahi zian zuten desfilean bailarako herri guziek parte hartuko dutela, denak ari baitira orgak prestatzen. Elkartetik eskerrak eman nahi izan zizkieten urtero orga egiteko borondatea agertzen duten herritar guziei. 

Bertzalde, duela aste batzuk jakinarazi bezala, eta azken urteetako dinamikarekin segituz, aurtengo besta iragartzeko kartela, baztandar artista batek egin du: Malmö ilustrazioa&diseinua enpresako bikote elizondarrak, “sinbolismoz betetako kartela da, detaile ttipi guziak elkartuz, zentzuz betetako diseinua osatu baitute”. 

Aurten, ez dute kartelaren diseinuarekin kamisetarik egin, aitzitik, poltsa polit batzuk egin dituzte Baztandarren Biltzarraren leloarekin: Baztanen eskuara barra-barra. Aste osoan zehar salgai egonen dira elkartearen barrakonean, 19.00etatik aitzinera.

 

Aurtengoak bertze berrikuntza bat ere badu, urtero elkarteak antolatzen zuen tonbolak aldaketa jasan du. Izan ere, aurten “raska” batzuk egin dituzte, “raska” bakoitzak euro bat balio du eta zenbaki bat, ostatu batean pintxo eta trago bat edo Baztandarren Biltzarra egunean trago bat lortu daitezke sari gisa. Zenbakiekin, zozketa batean parte hartzen da eta zenbaki sarituek Baztango Zaporeak-en lote bat eta Baztango jatetxe edo ostatu batean bi lagunendako otordua irabaziko dute. Herri bakoitzeko, lote bat dago. Baztandarren Biltzarra egunean, Baztan lotearen zozketa eginen da eta bertan, Baztango Zaporeak-en loteaz gain, magra bat eta Baztaneten, Zirriken, Eskuz fisioterapian eta Arkupe gozotegian gastatzeko baleak oparituko dira. 

Igandeko egitarauari dagokionean, goizeko orga desfilearen ondotik, bazkaria izanen da merkatu zelaian. Bazkariko txartelak asteazkenean jarriko dituzte salgai barrakonean 10.00.etan. Azken urteetako txartel kopuru bera jarriko dute salgai: 1600, eta 27 euroan eskuratzen ahalko dira. Zuzeneko salmentaren ondotik txartelik soberan geldituz gero, emailez ere erosten ahalko dira, txartelak@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera idatziz. 

Bazkarian bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuek izanen dute protagonismoa. Badira urte batzuk bazkariko menua aldatu zutenetik eta izan duen arrakasta ikusirik, bide beretik segituko dute. Gainera, hondakinak gutxitzeko bidean segitzen dute eta hortaz, bai bazkarian eta bai ostatuan, edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte. 

Akitzeko Baztandarren Biltzarra elkarteak argi utzi nahi izan du “ez dugu mutildantza baztertzailerik nahi eta hortaz, bai Elizondoko plazan, bai merkatu zelaian dantzatuko diren mutildantzetan dantza egin nahi duen herritar orori parte hartzeko gonbita luzatzen diogu. Eraso sexisten kontrako protokoloa ere martxan jarriko dugu, harreman parekideen eta denen gozamenaren aldeko besta ere badelako”.