Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina abiatu da uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertako kide diren dozenaka udalek, tartean Baztango Udalak, eta 250.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere eginen dute bat irailaren erdialdera bitartean eginen den kanpainarekin.
Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere.
Horretarako, bisitariendako eta zerbitzu sektoreko arduradunendako eta langileendako hainbat baliabide prestatu ditu UEMAk: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, bertzeak bertze.
Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbertzeko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, “aunitzetan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari aunitz berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.
Kanpainaren berri emateko, UEMAk denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko eskuorri bat prestatu du eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta galizieraz dago hiztegia.