berroeta - Salbatore bestek aurtengo herrietako besten egutegiari hasmenta eman ondotik, hemen ditugu hurrengoak: Berroetako Mendekoste bestak. Gaur abiatuko dira eta astelehenera arte, egun eta gau, lau egunez besta izanen da nagusi Berroetan.

Gaur, arratsalde apalean hasiko dituzte bestak, 20.00etan botako duten altxaferoarekin. Ohiko ohiturari jarraiki, txopoa goratuko dute gero eta mutil dantzak dantzatu. Bezpera eguna izaki, ezin falta Baztan zoparik, horiek dastatzeko, 21.30ean mahai inguruan jarrik o dira denak jan-edatera. Zintzurrak busti eta sabelak ase bidenabar kantu zaharrak kantatuko dituzte eta gauerditik aitzinera dantzaldia izanen dute Gabezin taldearekin. Aipatu ere, baztandarrek joan-etorria lasai egiteko aukera izanen dutela, azken urteetan bezala Gantorri autobus-zerbitzua izanen baita Berroetara joan eta gero bakoitza bere herrira itzultzeko.

Bihar, gazteen bazkaria eginen dute Aizkoan. Arratsaldean txokolate beroa dastatu eta 18.30ean, Tuterako dantzarien saioa izanen dute, gero paella txapelketan aurkeztutakoak janen dituzte afarian eta gauez dantzaldia Beñaten doinuekin.

Igandean erraldoi eta gaiteroek iratzarriko dute herria, mezaren aitzinetik. Eguerdian luntxa eskainiko dute eta arratsaldean Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du, segidan Beñatekin izanen da dantzaldia eta indarrak berreskuratzeko zingar jatea burutuko dute, eguna bukatzeko.

Astelehenean bizikleta itzuliarekin hasi eta mahai jokoak izanen dituzte zikiro jatearen aitzindari. Hauspolariek taldea arduratuko da musikaz. Arratsaldean herritarren arteko jokoak, kantuak eta zingarra jan ondotik gaixoa ni kantatuz agurtuko dituzte bestak. - F.A.G.