Baztan Ikastolak 50 urte bete ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekimen antolatzen ari da, horien artean, hamaika kantu izanen dituen CD-DVD bat. Ikastolako ikasle, irakasle, guraso, ikasle ohi eta irakasle ohiak ari dira egitasmoa burutzen eta dagoeneko proiektua nahiko aitzinatua dute. Azken egunetan Berrioplanon, Drum Groove Studion, grabaketa lanak egiten ari dira, Josu Erbitiren gidaritzapean. Musika tresnak grabatu ondotik pasa den asteburuan kantu batzuetan ahots nagusiak grabatu zituzten eta heldu den asteburuan segituko dute. Gero, Elizondon koroak grabatu eta irudiekin batera CD-DVDa osatuko dute, ikasturte bukaera baino lehen salgai jarriz.