Ohiko urtea izanen balitz heldu den uztailaren 24tik 28ra bitartean ospatuko lirateke Elizondoko Santiago bestak. Halere, jakina da, osasun egoerak hala eskatzen duela iritzita Elizondoko Herriak bestarik ez antolatzea erabaki zuen.
Dena den, data horietan hainbat ekitaldi kultural antolatu ditu. Pleura, Skabidean, Los Tenampas mariatxiak, Trikidantz, Madame Birrots, Lau Haizetara eta Elizondoko Recreo Musika Bandaren kontzertuak, bertso saioa, Ameli ipuin kontalaria eta Tor Magoaren ikuskizunekin gozatzeko aukera izanen da.
Iriarte pilotalekuan burutuko dira ekitaldi guztiak, eguerdi eta arratsaldez, edukiera mugatuarekin, beharrezko distantzia mantenduz, maskararen erabilera derrigortuz eta jatea eta edatea debekatuz.
Ekitaldi horietarako sarrerako doakoa izanagatik, txartelak lehenagotik hartu behar dira edukiera muga dela eta. Atzo arratsaldean hasi ziren txartelak banatzen Elizondoko Herriko Etxean, eta jendea ekitaldietara hurbiltzeko gogoz dagoela argi gelditu zen, txartelak jasotzera hurbildu zen jende kopuruari erreparatuta.
Gaur izanen da txartelak eskuratzeko azken aukera, 11.30etik 13.30era, eta pertsona bakoitzak gehienez ere lau txartel hartu ahal izanen ditu.
Bertzalde, heldu den asteko egunei begira, Elizondoko Parrokiak, Elizondoko Abesbatzak eta Recreo Musika Bandak, festarik ez egiteko mezu argia zabaldu nahi izan dute eta inguruan gertatzen ari diren kasu berriak ikusita, beharrezkoak ez diren arriskuak saihesteko bidean eta pandemia hori gainditzen laguntzeko ahaleginean, urtero uztailaren 24an Santiago elizan egin ohi duten Salbea alde batera uztea erabaki dute, gainera, Santiago eguneko meza iganderoko meza gisa ospatuko dute.