bera - Illekuetako bestak ekitaldiz gainezka datoz asteburu honetan. Bereziena, larunbat arratsaldean eskainiko den Tío Teronen semeak dantza taldearen FreshCool ikuskizuna izanen da, baina bertze hainbat izanen dira.

Larunbat eguerdiko 12.00etan auzoko besten hasierako altxaferoa botako da Konpane zubitik. Ondotikan Erraldoiak eta Buruhadiak aterako dira, trikitixak eta gaiteroak lagundurik. 13.00etan Herri kirol apostua izanen da. 14.30ean Illekuetako karrikan bazkaria, antolatzaileek azpimarratu dutenez, nahi duen guziari zabalik (auzoko nahiz kanpoko), 20 eurotan. Menuan, salda, piperrada, zikiroa, gasna, kafea eta txupitoa izanen dute. 18.00etan Mus txapelketa jokatuko da.

Tío Teronen semeak Larunbat arratsaldeko 7etan, aurtengo bestetako ekitaldirik bereziena izanen da, Tío Teronen semeak taldeak eskainitako dantza ikuskizuna, Altzateko plaza berrian (frontoian euria eginen balu). Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira Tío Teronen semeak taldea sortzeko. Bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Urtetan zehar, eta gaur egun arte, euskal dantza tradizionalean murgildurik dauden dantzariak eta musikariak dira, baina, oraingoan, ez dute horrelakorik eskainiko. Dantza eta musika estilo desberdinak joan eta etorriko dira, nahastu eta aldenduko dira; patroi zehatz bat jarraitu gabe eta ongi pasatzeko helburu bakarrarekin. Hain zuzen, FreshCool ikuskizuna eskainiko dute larunbat arratsaldean Illekuetan 14 dantzarik eta 4 musikarik (Txistua, txirula, klarinetea, haize tresna laguntzaileak, danbolina, atabala, txalaparta, yembeak, darbukak, txindak eta elementu perkusibo desberdinak). “Umorez betetako ikuskizun dantzatua, orain arte inoiz ikusi ez den bezala”. Halaxe definitzen dute. Ikuskizuna doan izanen da. 20.00etan Kalejira izanen da, 20.30 Zezensuskoa eta 21.00etan Musika Agerralderekin.

Igande eguerdian Auzo Meza Idigotian izanen da eta ordu berean, Illekuetako karrikan, haurrentzako marrazki lehiaketa. Pinturak haurrak ekarriko dituzte. Komisioak papera jarriko du. 16.00etan Haurrentzako jokoak, 19.00etan Gure Txokoa Dantza Taldearen emanaldia, 20.00etan Bera kantari eta 20.30ean Pintxo dastaketa.

14 dantzari. Dantzariekin batera 4 musikarik eskainiko dute, dantza eta musika estilo ezberdinak uztartuz.

tío teronen semeak “umorez betetako ikuskizun dantzatua”

Orain arte inoiz ikusi ez den bezala.