- Arlo guzietan gertatu bezala, aurtengo Berako Kafe Antzerki Zikloan ere nabarituko dira covid-19 pandemiak eragindako osasun larrialdiaren ondorioak. Halere, Euskara Batzordeak antzerki zikloari eustea erabaki du, aldaketa nabarmen bat eginda: emanaldiak ez dira herriko ostatuetan eginen, kultur etxeko areto handian baizik. Horrez gain, edukiera mugatua izanen da eta emanaldiaren unean ezarriak dauden osasun neurriak eta jende kopuruak errespetatuko dituzte.

Lehen emanaldia igande honetan egitekoa zen, baina Eidabe Taldearen ZuTuberrak antzezlana abenduaren 6ra gibeleratzea erabaki dute. Antzezlan lau, batez ere publiko gazteari (10-14 urte bitartekoei) zuzendua da. Hizkuntza ezabatuko baligute gertatuko zenaz gogoeta egitera gonbidatuko ditu gaztetxoak. Erritmo bizia, zuzeneko irudiak, bideoak eta rap musikaz zipriztindutako an-tzezlana da. Aktore lanetan Olatz Pagaldai, Jon Zubiaga eta Urko Olazabal ariko dira.

Beraz, lehen emanaldia azaroaren 29an, igandearekin, 18.00etan, Tartean Teatroak Ez dok hiru akustikoa eskainiko du kultur etxean. Euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko duen ikuskizuna da, Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala.

Taldearen ezaugarri nabarmenena sorkuntza da, taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin eraikitzen baita ikuskizuna. Konpainiak euskal kultura eta antzerkiaren aldeko apostu garbia egiten du, eta ahalegin hori ain-tzat hartua izan da. Hainbat sari irabazi dituzte azken urte hauetan, tartean 2012an Patxo Telleria eta Jokin Oregik lortutako Max saria euskarazko testu onenari. Aktoreen moduko ikuskizuna da, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez€ Aktore lanetan Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Adrian Garcia de los Ojos ariko dira.

Sarrerak hiru euroren truke emanaldiaren egun berean kultur etxeko leihatilan erosi ahal izanen dira, 17.00etatik aitzinera. Ikusle bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosteko aukera izanen du, eta edukiera mugatuko dute.

'Ez dok hiru akustikoa'. Azaroaren 29an eskainiko du emanaldia Tartean Teatroak.

'ZuTuberrak'. Igande honetarako iragarria bazegoen ere, abenduaren 6an eskainiko du antzeslana Eidabe Taldeak.

Sarrerak. 3 eurotan salduko dira egun berean kultur etxeko leihatilan, 17.00etatik aitzinera.