Igandean hasi ziren aurtengo Santio bestak Elizondon, eta astelehena, zaindariaren eguna ere besta eguna izaki, jendetza hurbildu zen lehenbiziko bi egun eta gauetan bestekin gozatzera. Azken bi urteetako hutsunearen ondotik gogo handiz hartu dituzte denek egun hauek, eta aunitz sumatu da hori, milaka lagun izan baitira egunez zein gauez parrandara batu direnak. Asteburu luze honetan inoizko jendetzarik handiena bildu dela zioten batzuk, baita ostalariek ere, biltegiko janari eta edariak barra-barra atera baitituzte.

Santio besta erdigunera ailegatu ziren astearte honetan. Lehenbiziko bi egunetako jendetza alde batera utzita, egun lasaiagoa izan zen, etxekoagoa. Haur eta gazteen eguna zen, eta batzuk zein bertzeek ederki gozatu zuten beren egunaz.

Ttipienenen artean, nola ez, aunitzek egunero bezala erraldoi eta buruhandien konpartsaren inguruan pasa zuten goiza, buruhandiek ez harrapatzeko lasterka eta erraldoien dantzekin gozatzen. Bertze batzuk, berriz, Iriarte pilotalekura jo zuten, izan ere, bai goizez eta baita arratsaldez ere jolastoki erraldoia bihurtua zen pilotalekua: erorketa libre, amerikar pista, atezaintza puzgarria, futbolinak, airezko mahaiak, zurezko jokoak, zezenekin egiteko entzierroa eta puzgarriak jarri baitzituzten. Eta hori gutxi balitz, horien osagarri, egunero bezala, laxoa plazan jarritako ordainpeko barrakak. 

Batzuk beren gastronomiarako dohainak erakutsi zituzten. Juan Mari Ondikol

GAZTEAK Adinean goiti eginez, nerabezarotik hasi eta gaztetasunerako saltoan, egun handia ere izan zen asteartekoa. Azken urteetan ohikoa bilakatu den koadrilen bazkariaren txanda zen atzo, eta bezperako parrandatik errekuperatzen hastearekin bat, gazte taldeak elkartzen hasi ziren, Kuarteleko zelaira bidean. Izan ere, bertan jarriak zituzten bazkarirako mahai luzeak,koadrilen bazkarirako prest. Norberak bere janaria eraman zuen, eta han jarrita, eguraldi ona lagun, giro ederrean bazkaltzeko aukera izan zuten denek, bezperako ajearekin borrokatzeko bertze parranda bati ekinez. 

Batzuk bertzeek baino gehiago edo hobe bazkaldu zuten, prestatutako otorduaren arabera eta bakoitzak zuen bestondoaren arabera. Hori bai, gehienek edateko arazo gutxiago izan zuten, ura batzuk, bertzelako freskagarriak gehienek. Idortzeko arriskua ekidin nahian, ederki busti zuten gehienek zintzurra, arratsalde eta gauez kantatuko zutenaren esperoan, ahots kordak berotu nahiez. Aukerarik ez zen falta, arratsaldetik hasita, izan ere, Burrunba Elektrotxarangaren doinuekin poteo luzea egin zuten gazteek herrian barrena, giro paregabea herri osoan zehar hedatuz. 

Burrunba elektrotxarangarekin ederki pasa zuten gazteek poteoan. Juan Mari Ondikol

Gaua ere ederra aurreikusten zen, izan ere Foruen Plazan Los Zopilotes Txirriaos eta Trikidantz musika taldeen emanaldiek dantzarako eta kanturako piztutako gogoa sumatzen zen jendearen artean.