Zikiro jatearekin, agur Elizondoko Santio bestei
600dik goiti lagun elkartu ziren, aurten lehen aldiz menu barazkijalea ere izan duen bazkarian
Inoiz baino gogo gehiagorekin ekin zieten elizondarrek, eta baita bisitariek ere, aurtengo Santio bestei igandean. Bi urtez ezin ospatu egon ondotik, hirugarrenean bai, berriz ere posible izan da bortz egun eta gauez bestak gozatzeko, eta zinez erran daiteke hala izan dela, ederki gozatu dutela herritarrek, egun hauetarako prestatutako egitarau oparoarekin.
Eguraldi bikaina izan da gainera egunero, eta horrek, herrian hedaturik zegoen giro onarekin bat, aspaldiko urteetako jendetzarik handiena biltzea ekarri du. ia egunero izugarrizko jendetza ibili da aurtengo Santio bestetan Elizondon, bai egunez eta baita gauez ere. Beharbada asteazken gaua izan da lasaiena, izan ere, bezperan koadrilen bazkariarekin parranda ederra bota zuten gazteek, eta ortzeguneko azken eguna zikiro jatearena izaki, bezperako eguna indarrak berreskuratzeko baliatu zuten aunitzek.
Ortzegun honetakoa izan da bestetako azkena, eta ohikoa den bezala, eguneko ekitaldi nagusiena zikiro jatea izan zen. Aspaldi saldu ziren bazkarirako ateratako 600 txartelak, eta gonbidatuak tarteko, azkenean 600dik goiti izan ziren Iriarte pilotalekuan bazkaltzera bildutakoak.
Goizean goizetik hasi ziren zikiro prestatzaileak lanean. Txomin Amorena, Benito Elizagoien eta lan taldeak esperientzia handia du zikiroa prestatzen, eta ortzegun honetan ere beren dohainak erakutsi zituzten, izan ere, piperrada, zikiroa eta salda hautak prestatu zituzten. Aurten, berrikuntza gisa, ohiko menuaz gain, belarjaleendako menua ere eskaini dute bazkarian, eta batzuk aukera hori baliatu zuten, kuiatxo krema eta onddoz betetako barazki krepak dastatuz, hain zuzen ere.
Giro ezin hobea izan zen bazkarian, eta goizean mahaiak jartzerakoan bezala, biltzeko momentuan ere jende aunitzek lagundu zuen, denen artean frontoia txukun eta garbi utziz. Bilan enpresaren eskutik mojitoak ere eskuragai izan ziren bertan, etekinak herriarendako izaki, eta ongi jan eta edan ondotik, zikiro jatean parte hartu zuten ehunka lagunak txarangaren gibeletik abiatu ziren herrian barnako kalejira alaian. Arratsaldean ostatuz ostatu ibili ziren poteoan, eta gauerako ere bertze kalejira bat aurreikusia zegoen, kasu honetan, gauerdian, bestei akabaila emateko gaixoa ni egitekoa zen. Dena den, bestetako azken indarrak xahutzeko Reimy disko jartzailearen musika emanaldia ere antolatua zegoen goizaldeko 2.00etan plazan, beraz, gaua ere luzatzeko aukera izan zuten batzuk.