uela aste batzuk Araban parke eoliko berri batzuk egiteko plangintza abiturik dagoela irakurri nuen. Betiko legez proiektuak, edo hobeto esanda, makroproiektuak, garrantzi handikoak dira (betikoentzat), sekulako onura ekarriko baitute energia-gastua murriztu aldera, gaitasun eolikoa biderkatuko baita. Energia berriztagarrien aldeko apustuaren barruan kokatu behar dira horrelako proiektu modernoak, baina batzuetan galtzaile handiak ere izaten dira, eta horretako lekukotasun asko ditugu, haize-errotek sorturiko desabantailak ere bertan baitaude, eskarmentu baitugu horretan. Argi dago energia eraginkorrak direla horiek, petrolioaren ustiapen eta ondorengo ohiko kutsaduran oinarritzen ez direnak, baina bestelako muga batzuk ezin daitezke urra.

Kontua da, parke eoliko berri horiek paradisuzko leku batzuk jarri dituztela jomugan: Azazeta, Iturrietako mendiak, edota Arkamu inguruak, erabateko ingurumen-babesa behar dutenak.

Handik ibili zarete, ezta? Posteritaterako salbu egon behar diren paraje txundigarriak dira. Dekoratu natural horretan ekosistema paregabeak gordetzen dira, paseo lasaian eta ikustatze sotiletan guk geuk disfrutatu ahal ditugunak, eta usurpazio industriala merezi ez dutenak.

Imajinatu ahal dituzue naturguneok metalezko errota haiek eraikitzeko pista handiek eskrupulurik gabe urraturik? Baso erdietan altzairuzko monolito futuristak gira eta bira, zarata beldurgarri hori ateratzen, alde horretako hegazti guztiak uxatuz edota akabatuz?

Horrek guztiak eragingo lukeen inpaktua izugarria litzateke, eta hori askotan ez da neurtzen eta ebaluatzen. Zenbait kasutan zuzenezkeriaren tamaina neurribakoa izaten da, gure mendiak ez baitira industrializaziorako eremu gratuitoak. Dena ezin da garapen, ekonomia eta anbizio aseezin hutsa izan, diruaren dirdiraren mendean burutzen dena. Onura ekonomikoak batzuetan zikinak izan daitezke, eta hobe dugu gure ekosistemen balioak salbatzea eta errespetatzea, bidegabekeria horiei bizkarra emanez.

Ezin dugu naturgune galera gehiago onartu.