izakia omen da -hala dio esaera zaharrak- harri berarekin bi aldiz estropezu egiten duen animalia bakarra edo, berdin dio, lehenengo abagunean ergeltzat jokatzen dugula jakinaren gainean eginda. Eta hala dirudi, bai... Selfi deiturikoa agertu zenetik, zenbat egoeratan ibili ?izan dugu barregarri! Guzti-guztiok gainera, seguru, salbuespenik gabe. Hala ere ulertezina dena zera da: argazkirik ikusgarriena lortzeko norbere bizitza arriskuan jartzeraino eramatea. Hauxe bera gertatzen da hondartza batean bandera gorria astintzen denean bainatzen direnakin edo, denborale-alertapean egonda, itsasertzeraino hurbiltzen direnakin. Ba pandemia garaian ere, txertoak aurrera dijoaztelako edota miragarriak direla pentsatu nahi dutelako, batzuek eutsi egiten dioten jarrera ergela berberari. Izan ere, ez da arauen errespetoaren kontua bakarrik ze sen-onak gauza bera erakusten digun: arnasketa-birus batek eragindako alerta baten erdian pilaketak, kontrolik gabeko mugikortasuna, segurtasunik gabeko jaiak eta ganoragabeko parrandak diren guztia arinkeria da, zuhurtzigabekeria hutsa, erabateko zorokeria.

Udara hasi besterik ez da egin eta -ez dezagun geure burua engainatu- bostgarren olatuen atarian gaude, in crescendo kutsatze-tasarekin egi ezeroso baten ondorioz: pairatzen ari garen egoeraren atzean gazteak daude, biktimak eta errudunak aldi berean. Hau esanda, beste egi borobil pare bat azpimarratu behar dira ere: alde batetik, gaztediaren artetik ergelkeriaz, berekoikeriaz eta arduragabekeriaz jokatzen dutenak ezin dutela gazte-gehiengoaren portaera ona zikindu eta, bestaldetik, seme-alaben zilborretik harago ikusteko gai ez diren guraso hoien portaera gaitzezgarria ezagututa, gauza bera esan behar dela haietaz. Kasu batean ere ez, negarti gutxi batzuen Livin' la vida loca-k besteen izaera zuzena isilarazi ez dezake, are gutxiago hauen zintzotasuna zalantzan jarri ere ez. Horrela ez aitortzea, bidegabea izateaz gain, beste ergelkeria bat izango litzateke. Eta gehiegi dira dagoeneko...