Urte berriko lehenbiziko lan eguna, gaur. Pasatu dira jai nagusiak (oraindik hondarren bat geratzen bada ere). Aurreko egunetan balantzeak egiten aritu gara. Urte zaharra itxita utzi nahi izan baitugu. Zurituta, hobe esan. Berriro atzera begiratu nahi izango ez bagenu lez. Eta orain, agenda berriko orri zuriari aurre egin behar. Munduaren erronka berriei.

Duela ez urte asko, urtarrilaren 1ean edo 2an egutegi berria estreinatzen genuen. Orain, oro har, galdu egin da ohitura hori. Lehen, ostera, Gabon bueltan, denda eta taberna askotan eta, batez ere, banketxeetan. egutegiak oparitzen ziren. Eta biltzen ibiltzen ginela gogoratzen dut. Jasotako egutegien gainean balorazio azterketa egiten genuela, eta guk bakarrik ezagutzen genituen irizpideen arabera, etxeko bakoitzari zein egutegi oparituko genuen erabakitzen genuela. Familiakideek, osaba-izebek eta aitona-amonek, asko eskertzen zuten beraiekiko akordua. Denbora kontatzeko makina-tzar hura, urtero, eskura ematea. Etorkizunari atea irekitzea bezala baitzen. Etorkizuna idazteko espazioa eskaintzea. Nork bere apunteak bertan egingo baitzituen: mediku-eguna, ilobaren urte bukaerako antzezlanarena, alabaren halako edo bestelako txapelketarena, pilota finalarena... Egunak itxaron egiten ziren, asteak pasatzen ikusi, eta hilabete berria eskuz ekarri (hilabete zaharrari zegokion orria erauziz). Denbora ukitu egin zitekeen. Eta baita, maila batean, egin beharrekoak ere.

Orain, agenda digitalak ditugu eta, denbora, konturatu gabe pasatzen zaigu. Betebeharrak ere, konturatu gabe metatzen zaizkigu, guk ez beste norbaitek idatzi izan balizkigu lez. Agendako orri zuriak, ordea, idatziko duguna bi aldiz pentsatzea eskatzen du. Eta egutegiari erauzitako orriak ere, egindakoari begiratu bat ematera gonbidatzen gaitu.

Orri zuriari aurre egin beharrean gehiagotan egoteko denbora eskatuko diot urte berriari. Denbora ukigarri egitea. Ez diezadan ihes egin: ez bederen, lapurretan egin izan balidate bezala, konpromiso sentituak direnak betebehar hotz bilakatuz.