Zure postara heltzen diren publizitate mezuen artean ez baduzu lagunen mezurik aurkitzen; WhatsAppera iritsi zaizun urte berriko lehen zorion-mezua senide batena izan beharrean, beste urtebetez zure fideltasuna eskertzen dizun telefono-konpainia batena izan bada; azkenaldian gertatzen zaizkizun gauzarik zirraragarrienak kreditu-txartel baten bidez lortu badituzu… Erne, agian zure bizitzan zerbait ez doa ondo.

Aspaldian ez baduzu barre algararik egin txorakeria batengatik; ez badiozu inori besarkada indartsu bat, segundo batzuetan luzatu eta bata eta bestearen taupadak sinkronizatzen dituzten besarkada horietako bat; norbaiti muxu bat emateko gogoz esnatu beharrean, norbait gorrotatuz esnatzen bazara… Erne.

Esaten hasten zarenean “niri bost axola besteek zer pentsatzen duten”; lagun baten arrakastak alaitu beharrean, barruak jaten dizkizunean; helburu kolektibo bategatik taldean lan egin zenuen azken aldia gogoratzen ez duzunean; zeure buruari barre egiteari utzi diozunean; pentsatzen hasten zarenean inguruko inor ez dagoela zure mailan eta zuk zerbait hobea merezi duzula; ez diozunean inori barkamena eskatzen. Erne.

Agian bakarrik geratzen ari zara, hain zuzen ere, zure bizitzako proiektu bakarra zu zeu zarelako, azken aldian ez duzulako zure inguruko inor zaindu, ez diezulako merezi duten arreta eskaini, zer moduz dauden galdetu… Ez duzu zu ez zaren beste inorengan agertu interesik. Zeure burua zaintzea zure erosketak zure kirola, zure meditazioa egitea dela ulertu duzulako izan daiteke.

Agian gaizki ulertu duzu pertsona bakoitzak bere baratze txikia landu behar duela dion esaldi hori. Norberarena zaintzea garrantzitsua izanda ere, belar gaiztoek inguruko baratzeak jan ez ditzaten begiratzea ere beharrezkoa baita.

Hala ez bada, normala da zu ikusteko gogoa duen norbaiten dei batekin esnatu beharrean, merkataritza gune bateko mezuarekin egitea: Bihar hasten dira merkealdiak. Erne, agian merkealdiak aspaldi hasi ziren zure bizitzan.