Jende aunitz nerbiosturik dabil Irulegiko eskuaren kontura. Aurkikuntzak zartako ederra eman die euskararik gabeko Nafarroa amesten dutenei, albistea beren munduaren akaberatzat jo baitute eta noraezean dabiltza, halako erantzun antolatu eta sendo bat eratu ezinik, zenbait txio gorabehera. Azkenean, pentsatu eta pentsatu aritu ondoren, kontraerasoa taxutzen hasteko asmoz edo, lehen saio bat egin dute aste honetan jendaurrean, hots, mahai inguru bat Iturraman. Ekitaldia iragartzeko mezuan, bertzeak bertze, perla hau erdara batuan: “Iruleguiko eskuaren aurkikuntza ikusirik, eta haren garrantziaren inguruan sortu den zarata mediatikoa eta politikoa dela eta, egiazko adituak ekarri nahi izan ditugu…”. Jakina, “egiazko adituen” artean ez zegoen Irulegiko idazkia ikertzen ari den katedradun bat bera ere, benetako aditutzat jotzen ez dituzten seinale. Bada, Iturramakoa mami handikoa gertatu zen zinez. Ez, ordea, antolatzaileek espero bezala, espero zutenaz kontra baizik. Batetik, Aranzadiren lan txukun eta tatxarik gabea goretsi zen, baten batek galdetu zuenean ea zergatik eman zitzaion Irulegiko indusketa-lana Zientzia Elkarteari eta, ez ordea, Trama enpresari. Bertzetik, Nafarroako Unibertsitate Pribatuko katedradunak, Nafarroan beti hainbat hizkuntza mintzatu izan direla erran ondoren, nabarmendu zuen hura ez zela, ez zelta, ez iberiera, baskoiera baizik, eta ukatzaileen aurka mintzatu zen, hau da, Irulegikoa Iruña-Veleiakoarekin parekatu nahi izan dutenen kontra, ukatzaile horietako baten txioa irakurrita. Artetik errateko, delako ukatzaile hori aretoan bertan zegoen, antolatzaileetako bat baitzen. Bada, hain zuzen ere, ukatzaile horrek berak hauxe txiokatu zuen ekitaldiaren ondotik: “¡Al suelo, que vienen los nuestros!”. Adierazgarria, zinez. Horrenbertzez, ile eske joanik muskildurik etorri.