Síguenos en redes sociales:

Bortuko seme-alabak

Bortuko seme-alabakMIKEL SAIZ

Otsail hasmentako ospakizunekin batera agertu dira kontra-pasako lehen zikoinak eta lertsunak; batzuk, Iruñerriko zeruan gora; bertzeak, Takonerako zuhaitz biluzietatik hurbil, guztiak ere iparraldeko bortu zurituen bila, elur giroak berriz ere zeru sabaia goibeldu baino lehen. Hegaztiek, beren bidean, mugaz bertzaldeko bazterrak zeharkatuko dituzte, hots, euskal kulturgintzak printza ederrik ematen duen lurraldea, alde honetara nahi baino gutxiago iristen zaizkigun arren. Hala ere, mendebaldeko hiriburuetara baino gehiagotan etortzen dira hango sortzaileak Iruñera, gure artean zorionez badelakoz harreman horiek indartzeko ahaleginean dabilen jenderik. Bada, horietako printza eder bat izanen dugu gurean gaur ikusgai, IKF Fundazioak babesturik, Zaldiko Maldiko nahiz Karrikiri elkarteek antolaturik, eta Udalak lagundurik, hots, Elkanori buruzko “Ketariatik mundura” nano pastorala, pastoral ttipia bai iraupenaz (ordu eta erdi doi), bai arizalez, bortz lagun baitira, tartean egilea, Mixel Etxekopar, hau da, zenbaitek ia infernu gorrira egotzi nahi izan dutena Elkano “kolonizatzaileari” buruzko lan bat ontze hutsagatik, hori bai pastorala ikusi gabe eta Elkano zer-nola agertzen den jakin gabe. Bada, heroikotasunik gabeko Elkano bat agertzen da, hezur-haragizkoa, argi guztiek itzala ere badutelakoz. Zer gauza erran diren ikusirik, istorioak kontatzeko eskubidea aldarrikatu du Etxekoparrek: “Haizu bekit argiak (mundu-bira) eta itzal handiak (kolonizazionea) gure maneraz aipatzea, ni ez naiz historialari, baina bai istorio-kontatzailea”. Hori guztia Bortuko seme batek molde ttipi zoragarrian ondua, Bortuko bortz seme-alabak kantu, doinu, antzerki eta dantzaren bidez emana, ikusleak ondo-ondoan direla, Kondestable Jauregiko patio ikusgarrian, 19:00etan hasita, Santa Ageda eguna ederki bukatzeko.